Mikel Otazu: "Laboralaren gutuna azken tanta izan zen eta Mirenek ezin izan zion eutsi"

  • Antsoaingo (Nafarroa) PAHko Mikel Otazurekin hitz egin dugu Miren Peñak etxeko hipotekarekin bizi izan zuen egoeraz.


2015eko martxoaren 25an - 11:12
Martxoaren 24an Antsoainen Peñari agurra eman zioten bost minutuko bilkura isilean. (Argazkia: Ahotsa.info)

63 urte ditu Otazuk, jubilatua da eta plataforman dago 2012ko udaberrian sortu zenetik. Peñaren irakaslea ere izan zen. Berarekin joan zen Laboral Kutxako bulegora otsailaren amaieran, etxearen hipoteka Praktika Onen Kodearen arabera berritzera. Peña bera ere, Antsoaingo PAHeko kide zen, baita LABeko afiliatua ere.

Kutxak iragan martxoaren 20an erantzun zion, ez zela egokia kode hori, bere kasuan legearekin bat ez zetorrelako, baina hipoteka berraztertzeko prest zeudela eta pasatzeko bulegotik hitz egitera. Iragan astelehenean, martxoaren 23an, Laboral Kutxara joatekoak ziren berriz Miren eta Mikel. Miren baina, ez zen iritsi, kutxaren gutuna kolpe handia izan zen beretzat eta iragan larunbatean bere buruaz beste egin zuen.

Miren gauez ibili zen luzaro lanean Orkoiengo Faurecia-ko lantegian eta duela bi urte kaleratu zuten. “Berak kontatzen zuenez era umiliagarrian –diosku Otazuk–, lanean zirela pertsona  batek atzamarrez deitu zituen bulego batera eta ezagutu ere egiten ez zuten arduradun batek kaleratze idazkia eman zien. Erabat umiliagarria izan zela esaten zuen. Oso gogorra egin zitzaion hori”.

Langabezian geratu zen Miren eta, besteak beste, 12 urtez gauez lanean ibili ondoren, lo arazoekin. “Beldurrez zen, orain langabezi diru-laguntza amaitzen zitzaiolako. Horregatik joan ginen Laboralera. Bulegoko zuzendariarekin egon ginen eta Praktika Onen Kodeari heltzeko asmoa azaldu genion. Legeak baimentzen du hori eta nire kalkuluen arabera bost bat urtez 80 bat euro ordaindu beharko zuen hilero”.

Martxoaren 20an kutxatik ezetza jasotzean mezua bidali zion Mikeli, eta idazkiaren kopia. “’Lasai egon –erantzun nion–, astelehenean joango gara berriz eta lortuko dugu, Laboralarekin negoziazio giro ona dugu eta’. Plataformako beste kide bat ere egon zen berarekin animoak emanez. Taldeko beste kide batzuk bezala, berak ere bere egoeran ziren beste pertsona batzuk lagundu izan ditu maileguak negoziatzera, baina zegoen egoeran ezezko hura azken bultzada izan zen”.

Bulegoetatik goragoko negoziazio bideak

Gero eztabaida handia egon da Laboral Kutxak izan duen jarreragatik, eta haren aurkako kanpaina ere bai, baina Otazuren esanetan, ez dira egiak esan diren gauza asko.

“Laboralaren agiriak zioen bezala, Mirenek egunean zituen bere ordainketa guztiak, ez da egia etxegabetu behar zutenik. Egia da, halaber, plataformetatik bankuei negoziazio bat eskatzen diegunean beti idatziz egiten dugula eta bankuei ere idatziz erantzuteko eskatzen diegula, legearen arabera hauek hilabetean erantzun behar baitute. Beste banku batzuek ez dute hala egiten, baina Laboralak betetzen du hori”.

PAH elkarteak eta banku eta kutxen arteko negoziazioetan denetariko kasuak izaten dira, eta batzuetan negoziazioak ez du aurrera egiten bulegoetako arduradunekin. Horrelako kasuetarako, Nafarroako PAH taldeek beste negoziazio bide batzuk eskatzen dizkiete finantza erakundeei. Mirenen kasu zehatzean ez zaie hori gertatu, baina beste kasu batzuetan bai, orduan erabiltzen dute goi mailako beste bide hori. Maila horretako bitartekaritza lortzeko arazoak zituzten Laboral Kutxarekin.

“Laboralarekin ez dugu bulegoetatik goragoko negoziazio biderik, eta hori eskatzeko kanpaina bat prestatzen ari ginen hau guztia gainera etorri denean. Horregatik ere bazen haserre maila bat Laboralarekin. Eta gero haren aurkako kanpaina guztia etorri da, baina pertsonalki ez nago ados esaten ari den guztiarekin. Aste honetan izango dugu bilera bat haiekin negoziazio bide horiek zehazteko. Zoritxarrez, Mirenenaren ondoren etorri da”.

Antsoaingo bizilaguna omentzeko ehundaka lagun bildu dira herriko udaletxearen aurrean. Ahotsa.info-ren bideoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Bilboko etxegabetzearen aurka protestan ari direnen kontra oldartu da Ertzaintza

Ostiral goizerako zegoen ezarrita etxegabetzea eta horren kontrako protestara dei egin du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Protestan ari direnen aurka oldartu da birritan Ertzaintza, eta dagoeneko pertsona bat atxilotu du, Gedar-ek jaso duenez. Etxegabetzea burutu dute.


Eguneraketa berriak daude