Mikel Mariskal Lankuko behargina da. Berak darama Txapelketan muntaiaren ardura. Harekin izan gara, “teloiaren atzean” dabiltzanen lana ezagutu guran.
Gauza jakina da egun saioetako muntaiari garrantzi handiagoa ematen zaiola…
Txapelketaz-txapelketa gauzak txukun egin nahi izaten ditugu, eta horrek, lana gehitzea suposatzen du. Lehen hala moduzko pankarta eta megafonia jarri eta aurrera egiten genuen. Gaur egun berriz, eszenografia garatuagoa dago. Oholtza gainaren atontzea, atzeko eta alboko pankartak, megafonia ere txukunagoa. Gauzak ondo egin nahien lana gero eta handiagoa hartzen dugu azken finean.
Nola banatzen da muntaiaren ardura eta lana?
Muntaiaren ardura eta koordinaketa Lankuren ardura da. Produkziotik hasi eta muntaiaren amaieraranoko prozesua guk daramagu.
Antolakuntza honetan jende ugarik parte hartzen du. Muntaiarako material guztia megafoniarekin batera “Factory” taldekoek dakarte. Kamioi galanta ekartzen dute katxarreria guztiarekin. Dena den, teknikoenak haina garrantzi dut saioro borondatez lanean etortzen direnen lanak. Normalean herri bakoitzeko bertso eskolakoak eta bertsozaleak izaten dira.
Saioa hasi orduko denak egon behar du prest…
Bai, aulkiak, oholtzaren eszenografia, komunikabide eta epaileen mahaiak, pankarta, megafonia…. Lehen entzulea aretoan sartzerako saio hasteko prest egon behar du den-denak.
Nolakoa izaten da laneguna?
Goizeko 9:30etarako bertan izaten gara arduradunak behar den azpiegitura ondo dagoen ikustatzeko. Argi indarraren toma, oholtzaren kokapena…10:30etarako zanpa-zanpa eginda etortzen da kamioia. Guztia deskargatu eta lana antolatu eta gero “fuego”: trusak igo, oholtzan moketa jarri, pankarta igo, kableak gora, grapak bazter guztietatik, aulkiak jarri, zuzendu… eguerdia iritsi arte. Ordurako guztiak bere lekuan eta frogatuta behar du.
Tarte gutxi duzue saioa hasi orduko…
Bokata bat jan eta gero dator saioa hasi aurreko azkeneko tartea, luzeena egiten dena, azken txukunketak egitekoa, alegia: hau oker dagoela, bazterreko pankartak duen zimurra kendu behar dela…
Eta saioa hasten denean?
Saioa hasi orduko aretotik buelta bat ematen dugu ea behar bezala entzuten den leku guzietatik. Saio bitartean ere beti erne egon beharra dago, mikro batek oihartzuna egiten duela edota aurkezleak zerbait argitu nahi duela… Saioaz ahal den neurrian gozatzen dugu.
Eta ostean?
Bukatzen denean dena jasotzera. Konturatu orduko gaueko 21:30 edo.
Esker oneko lana al da muntaiarena?
Eskerrengatik ez dut uste inork lan egiten duenik. Guk, txapelketan modu batean edo bestean lan egiten dugunok, dena ahal den txukunen geratu dadin dadin nahi izaten dugu, bertsozaleak eta bertsolariak gustura senti daitezen saioan, guztiek gozatzeko parada dezaten. Eskerrik onena saioa bukatuta guztiak etxera irribarre batekin doazela ikustea izaten da. Azken finean, bertsolaritzaren inguruan modu batean edo bestean lan egiten dugunok herrigintza modu bat bezala ulertzen dugu.