Mikel Karrera Sarobe euskal presoa Lannemezango kartzelara gerturatu du Frantziako Gobernuak, Etxerat elkarteak informatu duenez.
Reau sud-Francilien espetxean zegoen preso Karrera eta Euskal Herritik 280 kilometrora dagoen Lannemezango kartzelara eraman dute, astearte honetan euskal preso politikoen senideek osatzen duten Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.
Duela bederatzi urte, 2010eko maiatzean atxilotu zuten Karrera Baionan, Frantziako Jendarmeriak eta Espainiako Guardia Zibilak batera prestatu zuten operazio polizialean. 2013ko apirilean bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten, Capbretonen bi guardia zibil hil zituen atentatu batean parte hartu izana leporatuta.
Etxetik 800 kilometro baino gehiagora egon da preso Karrera eta urruntze horrez gain, haren senideek beste hainbat arazo izan dituzte. 2015ean, adibidez, haren bikotekidea eta orduan urtebete zeuzkan alaba atxilotu egin zituzten presondegian, aurrez aurreko bisita batean telefono mugikorra aldean edukitzeagatik, Sarek salatu zuenez.