Mikel Beunzaren tortura salaketa ez zutela “sakon” aztertu onartu du Konstituzio Auzitegiak

  • Mikel Beunza Segiko kide izatea leporatuta atxilotu zuten 2008an. Inkomunikazio epealdian torturatu egin zutela salatu zuen. Konstituzio Auzitegiak onartu du orduko epaitegiek ez zutela salaketa “sakon” aztertu.


2013ko urriaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Mikel Beunza

Gazte erakundearen aurkako 2008ko azaroko sarekadan, Mikel Beunza atxilotu zuen Polizia Nazionalak Iruñean. Inkomunikatuta pasa zituen lau egunetan torturatu zutela salatu zuen; mehatxuak eta irainak jaso zituen. ETAko kide izatea leporatuko ziotela esan zioten poliziek, eta pistola bat jarri zioten mahaiaren gainean, mehatxu gisa.

Tratu txar horien ondorioz, poliziaren aurreko deklarazioa presiopean egin zuela adierazi zuen Beunzak. Horregatik, tortura salaketa ipini zuen epaitegietan.

Madrilgo 15. instrukzio epaitegiari egokitu zitzaion kasua. Epaitegi horrek, baina, auzia artxibatu, eta torturak ikertzeko zantzurik ez zela esan zuen.

Beunzaren abokatuak epaiaren aurka egin, eta helegitea aurkeztu zuen. Ondorioz, probintzia auzitegiak hartu zuen auzia. Hor ere, instrukzio epaitegiak egin bezala, tortura ikertzeari izkin egin zioten, Beunzak ez zuelako “tratu txarrak jaso izanaren itxurarik”. Hala, 2011ko irailean artxibatu zuten gaia.

Konstituzio Auzitegira jo zuen Beunzaren abokatuak. Konstituzionalak aurreko epaitegietako jarduna kritikatu du. Hala, probintzia auzitegiak Beunzaren kasua aztertzeko “behar bezalako tresnak” erabili ez  zituela erabaki du. Nabarmendu duenez, probintzia auzitegiak ez zuen mediku forensearen txostena auzira gehitu.

Torturari dagokionez, Konstituzionalak ez du esan Beunza torturatu zutela uste duen edo ez. Dena den, instrukzio epaitegiaren eta probintzia auzitegiaren auzibideak baliogabetu ditu. Finean, epaitegien okerreko jardunaren ondorioz, Beunza babes judizialik gabe geratu zela jakinarazi du Konstituzionalak.

Orain, Beunzak berriz jo dezake epaitegietara, eta tortura salaketa berriz azter dezaten eskatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-11 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


Eguneraketa berriak daude