argia.eus
INPRIMATU
Mikel Barrios askatzeko eskakizuna errefusatu du Parisko Dei Auzitegiak
  • Ekainaren 29tik espetxeratuta dago nafarra, eta Parisko Dei Auzitegiak berretsi egin du bere espetxeratzea, askatasun eskaera ez onartuz.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 25a
Mikel Barriosen aldeko agerraldia. Argazkia: @Artisans_Paix

Mikel Barrios euskal preso politikoa askatzeko eskaerari ezezkoa eman dio Parisko Dei Auzitegiak astelehen honetan, zigortzen zuen epaia berretsiz. Iragan ekainaren 29an espetxeratu zuten Mont de Marsango kartzelan, bost urteko zigorra bete dezan.

Bake Bidea elkarteak erabakia "neurrigabea eta ulertezina" dela adierazi du, Euskal Herriko egungo testuinguru politikoa kontuan hartuta. “Tresna juridikoak errealitate berrira egokitzea ezinbestekoa da”, azpimarratu dute elkarteko kideek.

Era berean, irailaren 19rako antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diote Euskal Herriko gizarteari. "Zigorra hiltzeraino bete? 30 urte aski da" lelopean egingo da manifestazioa, Jakes Esnal, Ion Parot eta Xistor Haranburu presoen alde.

Bizikleta martxa

Mikel Barriosen askatasuna aldarrikatuko du Arrosadiako Sarek irailaren 4tik 6ra antolatutako bizikleta martxan. Goizeko 8.30ean hasiko da Iturgoienen, eta Alduden bukatuko da lehen etapa, afari batekin. Bigarren etapa, berriz, Aldudetik Lahontanera izango da eta Itsasun, azken urteetan Mikel Barrios bizi izan den herrian, bazkaria egingo dute. Azkenik, Mont de Marsan presondegiraino helduko da martxa, eta ondoren Elkartasun Eguna ospatuko dute Itsasun.