argia.eus
INPRIMATU
Mikel Antza euskal preso eta idazlea libre geratu da Madrilera iritsi ostean
  • Mikel Albisu euskal preso eta idazlea –Mikel Antza izenez sinatzen ditu literatur lanak– joan den larunbatean irten zen Frantziako Estatuko Reauko kartzelatik, baina atxikitze zentro batean eduki dute asteartera arte.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 23a
Mikel Antza (eskuinetik bigarrena) libre geratu ostean.

2004an atxilotu zuten Albisu, ETAren buruzagi izatea leporatuta. Frantziako Estatuan ezarri zioten kondena beteta, Parisko atxikitze zentro batean sartu zuten. Gero Espainiara eraman zuten eta asteartean geratu da aske.

14 urte baino gehiago egin ditu Albisuk kartzelan eta denbora horretan Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bozeramaile izan da –besteak beste, ARGIAri elkarrizketa hau eskaini zion bitarte horretan: "Gure marra gorriak dira engaiatu ginen borrokari bizkar ematea, damutzea eta salaketa"–.

1985ean alde egin zuen klandestinitatera Albisuk, artean Martuteneko (Donostia) kartzelan preso zeuden Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabearen ihesaldian lagundu ostean.

1990eko hamarkadatik aurrera, iturri polizialek ETAren buruzagitzan kokatu zuten.

Ihes egin aurretik, Albisu ezaguna zen kulturaren arloan egiten zuen lanarengatik: ARGIAn kolaboratzen zuen, Susa aldizkariko kide zen eta idazle gisa argitaratuak zituen Suzko gezi bat bezala eta Lehen bilduma 82-84 narrazio-lanak, baita Beterriko balnearioko mirakulua antzerki-lana ere.

Ondoren argitaratu zuen Odolaren usaina eta denbora luzez literatur lanik argitaratu gabe egon ostean, 2010eko Ospitalekoak eleberriarekin itzuli zen. Gerora, zeresana eman dute argitaratu dituen testuek: 2012ko Atzerri nobelan, sasian zegoen bitartean bizi izandakoak fikzionatu zituen –"Hizkiz hizki porlana zulatzeko grinak eraman ninduen idaztera", azaldu zion Xabier Montoiari 2013an argitaratu genuen elkarrizketa honetan–.

Ametsak ere zain poema liburua da argitaratu duen azken liburua.