Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok ETB1en aurkeztu duten Mihiluze telebista lehiaketa maiatzaren 15ean amaituko da, zortzi denboraldi eta gero. Azken urteetan ikusle kopuruak behera egin duela eta, saioa “indartsu eta duin” amaitu nahi dutela azpimarratu du Amonarrizek Berrian.
“Euskararekin jolas egiteko hamaika modu” daudela frogatzea zen saioaren helburu nagusia, eta horretarako, besteak beste, errealitate soziala, kulturala eta kirolekoa baliatu dituzte. Horri esker, Amonarrizen ustez, ikus-entzulearekiko gertutasuna lortu dute.
Mihiluzek izan duen bilakaera nabarmendu du aurkezleak. Proportzionalki eremu erdaldunagoetan ikusleak irabazi dituzte, eta hori haren ustez, gertutasunean irabazi den seinale da. Gainera, gero eta euskaldun berri gehiagok hartu du parte.
2006an hasi eta 1.117 saiotan 2.400 lehiakide inguruk hartu dute parte. Maiatzaren 15eko saioak gonbidatu eta ikusleentzat sari bereziak izango ditu. Realeko Asier Illarramendi eta Iñigo Martinezek, Goenkaleko aktore Maitena Salinas eta Miren Gaztañagak, eta Abel Barriola eta Inaxio Perurenak lehiatuko dute. Halaber, Aitziber Garmendiak, Asier Hormazak eta Sara Cozarrek laguntza emango diete.