argia.eus
INPRIMATU
Hijo mayor
Migrazioa eta identitatea
Eneko Atxa Landa 2025eko irailaren 24a

Emigratzeko mila forma daudela argi dago: ez da berdina Senegaldik Frantziara emigratzea, Espainiatik Alemaniara edo, Hijo Mayor filmaren kasuan, Koreatik Argentinara. Baina emigratzeak dituen inplikazio sozial eta politikoez gain, pertsonalak ere hor daude: identitatea eraitsi eta eraikitzea, bizileku berrian integratu eta bertan elkarreragitea...

Migratzaileen bigarren belaunaldiak jasan behar izaten duen identitate krisiaren inguruan mintzatu da filma lehen zatian. Lila (Anita B Queen) alaba argentinarra da, bertan jaio eta bizi dena, eta Antonio aitak (Chang Sung Kim eta Suh Sang Bin) Koreatik Latinoamerikara emigratu zuen, eta, herrialde batzuetan egon ostean, Argentinan amaitu. Horrela, Lilak, argentinarra bada ere, korear itxura dauka, eta horrek gorabeherak eragiten dizkio. Zuzendariak pelikularen osteko elkarrizketan esan duen bezala, identitatea eraikitzeko garaian, kanpokoen begiradak eragin handia dauka, eta hori transmititzea lortu du. Ez pentsa pelikulan denbora guztian diskriminazio negatiboa ikusiko dugunik, ikusiko badugu ere. Hori sinpleegia litzateke, esplorazio inteligenteagoa egin du zuzendariak.

Bere bizipenetan oinarrituta egin du Cecilia Kangek Hijo Mayor, bera eta bere aita baitira filmean zehar ikusi ditugun protagonistak. Honek pelikulari oso kutsu pertsonala eta polita eman dio, batez ere elkarrizketan esateko zutena entzun ostean. Aktore batzuk ere migranteak dira: Antonio gaztearen rola jokatu duena Txilen bizi da, korear jatorrikoa bera, eta bere neska-lagunarena egin duena Paraguaikoa da, Argentinara emigratu zuena, aktore lan bila.

Lanaren bigarren zatian, atzera egin du denborak: Lilaren aita ikusi dugu, gaztetan, Argentinara iritsi aurretik zuen bizitza gogorrari aurre egiten, sosik gabe, eta migratzearen min sentimentalari eusten. Horrek Lilaren ikuspegiari aitarena batu dio, eta emigratzea azalean desberdin nabaritzen duten bi ikuspuntu erakutsi. Eszena bat bereziki aipagarria izan da, Antoniok Paraguaitik Argentinara pasatzeko pasaportea erakutsi duenean, bere izena beste bat dela ikusi da: ohikoa omen da, besteentzat ahoskatzeko errazagoa izan dadin, kalean izen korearra galtzea, eta horrek zama emozional handia ekartzen du berarekin.

Dokumentaletan lan egin duen zuzendaria da Kang, eta fikziozko luzemetraia honen amaieran nabaritu da. Bere aitaren esperientziaren zatitxo grabatuak ikusi ditugu, eta, amaieran, istorio erreala kontatzen ari zela garbi utzi digu. Amari egindako elkarrizketa zatiak ere agertu dira, senarra izan baitzen emigratu zuena, bera Korean alabarekin bakarrik geratuta. Irudi aldetik ere, oso landua iruditu zait filma, ikusteko oso atsegina eta erakargarria.

Azkenik, bai zuzendariak berak eta baita produktoreak ere, Argentinan zineak duen egoera kaskarra salatu dute: diru laguntzak asko gutxitu direla esan dute eta ikusi duguna bezalako pelikulak egitea –txikiago eta independenteagoak, suposatu dut– asko zaildu dela. Ez diote aipamen espliziturik egin Javier Mileiren gobernuari, baina lerro artean, hori entzun dut nik, behintzat.