argia.eus
INPRIMATU
Migrazio politikak gogortzeko eskuin muturrarekin bat egin du Portugalgo Gobernuak
  • Portugalgo Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-Alderdi Popularrak Chega eskuin muturreko alderdiarekin bat egin dute Atzerritarren Legea erreformatzeko. Delitu larriak egiten dituzten migratzaile nazionalizatuei pasaportea kenduko diete, herritartasuna lortzea zailagoa izango dutea eta senideekin elkartzeko traba burokratiko handiagoak ezarriko dizkiete.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 17a
Luis Montenegro Portugalgo Gobernuko koalizioaren burua. Agencia Lusa / Wikimedia

Portugalgo Alderdi Sozialdemokratak eta maiatzeko hauteskundeak irabazi zituen CDS-Alderdi Popularrak osatzen dute 2024tik herrialdea gobernatzen duen koalizioa. Asteazkenean André Venturaren Chega eskuin muturreko alderdiarekin batera babestu dute migrazio politiken lege erreforma, horrela, legebiltzarreko 230 diputatuetatik 151k onartu dute proposamena. Boto gehien dituen bigarren alderdiak, Alderdi Sozialistak, gobernuarekin ohi duen kolaborazio rola apurtu du eta abstenitu egin da. 

Atzerritarren Legearen erreformak hainbat aldaketa ezartzen ditu, horietatik hiru nabarmendu daitezke. Batetik, estatuaren mugak zelatatzeko dibisio berezitu bat sortuko du Poliziak. Migratzaileen sarrera kontrolatu eta herrialdera sartzeko baimenik ez duten pertsonak deportatu ahalko ditu, eta bisak jaulkitzeko eskumena ere izango du. Bigarrenik, lege berriak nazionalitatea lortu duten pertsona migratuei "delitu larriak" eginez gero pasaportea kentzeko aukera ematen du. Hirugarrenik, Portugalen bizi diren migratzaileen senideei herrialdera joateko baimenak lortzea zailtzen du. Gutxienez bi urtez bizi beharko dute Portugalen senideekin elkartzeko tramiteak egiteko, bizitokiak "segurtasun eta osasun neurri" zehatz batzuk bete beharko ditu, eta diru laguntzarik gabe bizirauteko baliabide nahikoak dituztela frogatu beharko dute. 

Marcelo Rebelo de Sousa errepublikako presidentearen eskuetan dago lege berritua, eta honek aukera du onartzeko, legebiltzarrera itzultzeko, edo Auzitegi Konstituzionalaren eskuetan uzteko. La Vanguardia-k argitaratu duenez, Auzitegi Konstituzionalaren eskuetan uzteko asmoa daukadala adierazi du, beraz, ez luke berak onartuko.