Europar Batasuna uztearen aldekoek “mugak berriz kontrolatzeko” beharra azpimarratu dute, migranteen etorrerak Erresuma Batuko ekonomia kaltetu duela iritzita.
Europar Batasunean jarraitu ala ez erabakitzekotan direnean, migratzaileak jarri dituzte jo puntuan “Brexit”-aren aldekoek. 2012tik immigranteen kopurua bikoiztu egin da Erresuma Batuan, migrazio saldoa 330.000 pertsonakoa bilakatuz. Horrek ekonomia kaltetzen duela iritzita, kanpainaren erdian kokatu dute gaia, eta salatu dute immigrazioak lana gutxitu eta soldatak jaitsiarazi dituela.
Euren arabera, migratzaileen kopurua “arazo larria” da, eta gogorarazi dute David Cameronek fluxua 100.000 pertsonatik behera kokatzeko hitza eman zuela. Lortu ez duenez, “Europar Batasuna uztea” beste irtenbiderik ez dagoela adierazi dute Vote Leaveren kanpaina ekitaldian.
Boris Johnson “Brexit”-aren defendatzailearen arabera, “Urtero Oxforden tamainako hiri bat gehitzen” ari dira Erresuma Batura. Londresko alkate ohiak azaldu duenez, “ondorio kaltegarriak” dakartza egoerak, eta oinarrizko zerbitzuak bermatzeko zailtasunak jarri ditu adibide gisa.“Mugak berriz kontrolatzeko beharra” azpimarratu du, bestalde, Nigel Farage UKIP eskuin muturreko alderdiko buruak.
Alabaina, migratzaileen jatorriak ezbaian jartzen ditu teoria hauek. Iturri ofizialen arabera, immigranteen gehiengoa Europar Batasunetik kanpo dauden herrialdeetatik joan da Erresuma Batura, Europa ekialdetik batez ere. Gutxiengoa dira batasunaren baitako herrialdeetatik joandakoak. Haien artean, gazte kualifikatuak dira gehienak: %60ak bidaiatu aurretik kontratua hitzartua izan ohi du.