argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an
  • Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 10a
Jatekoa, ura edota arropa emateagatik kriminalizatu dituzte hainbat aktibista, besteak beste. Argazkia: Euskal Irratiak

Datua PICUM erakundeak eman du (Platform for International Cooperation on Undocumented Migrants), eta hedabideetan azaldu diren kasuak hartu ditu oinarri. Horregatik, erakundeak nabarmendu du izebergaren punta baino ez direla kasuok, eta ezezagunak diren beste asko gehitu behar zaizkiela. 2022 urtean, adibidez, 102 lagun eraman zituzten epaitegietara.

PICUMen arabera, gainera, aktibistak kriminalizatzeko joerak okerrera egin dezake, pertsonen trafikoaren aurka borrokatzeko EBk proposatzen dituen neurrien artean ez dutelako salbuetsi pertsona migratzaileei laguntza humanitarioa ematea. Hala jaso dute Eldiario.es-en.

Kriminalizatu dituzten aktibista horiek itsasoan arriskuan zeuden pertsona migratzaileak lagundu edo erreskatatu dituzte, aterpea eman diete, deportazioren bat gelditzen saiatu dira, herrian integratzeko politikak bultzatu dituzte edota jatekoa, ura eta arropa eman diete. Horiek egiteagatik auzipetuak izan dira, honako argudioak erabilita: herrialdean norbait ilegalki sartzea erraztea, herrialde horretan jarraitzea erraztea edota pertsonen trafikoa bideratzea.

Kasu gehienak Europa hegoaldean atzeman dituzte: 74 aktibista kriminalizatu zituzten Italian eta 31 Grezian.

“Bai laguntzen dutenak kriminalizatzea, bai mugak gurutzatzen dituzten migratzaileak eurak kriminalizatzea ditugun migrazio politikoen ondorio dira, mugak gurutzatzea arriskutsu egiten dutenak eta lortzen dutenen kontrako giroa sortzen dutenak”, azpimarratu dute PICUM erakundetik.