argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileei herrian leku egiten zien Italiako alkateari 13 urteko kartzela zigorra ezarri diote
  • Italia hegoaldeko Riace herrixkako alkate ohia 13 urteko kartzela zigorrera kondenatu dute. Domenico Lucano du izena eta hauxe kartzelara eraman duen obra: biztanlerik gabe geratzen ari zen herriko etxe hutsak Europako funtsekin birgaitzea, eta migratzaileei bertan bizitzen jartzeko aukera ematea, horrela herria biziberrituz eta jarduera ekonomikoa suspertuz. Bere ekimena sutsuki txalotu zuen ezkerrak, eta Forbesek 2016ko munduko lider eraginkorrenen zerrendan sartu zuen. Sententzia hau kolpe latza izan da eta alkate ohiarekiko elkartasuna #mimmolucano traolarekin erakusten ari dira sare sozialetan.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 05

2018an salatu zuten alkatea immigrazio irregularra sustatzea egotzita, baita funtsen erabilera okerra, laguntzen kudeaketan boterekeria... fiskalak zazpi kartzela urte eskatu zituen, baina epaileak 13 urteko kondena jarri dio. Sententzia ez-justua eta neurrigabekoa dela iritzi du hainbat elkartek eta politikarik. Lucanok adierazi du bere ekimena ospea hartzen hasi zenetik jazarri dutela eta minduta agertu da "nire izena betiko zikindu dutelako egin ez ditudan bekatuekin". Il Corriere della Sera hedabidean jaso dituzte beheko bideoan ikusentzun daitezken adierazpenak.

Eta Rai hedabidean irakur daiteke berari egin dioten elkarrizketa. 2004tik 2018ra izan zen Lucano alkate eta adierazi du "bizia pasatu dudala idealak jarraituz, mafien kontra, eta nire herriaren irudi ezkorra hobetzearen alde". Sententzia ulertezina dela adierazi du, "delitu mafiosoei" ere jartzen ez zaielako halakorik eta kondena horren atzean dauden bi kargu seinalatu ditu: "Magistratu oso ospetsu bat eta arraza puruko politikari bat. Hasieratik nire irudia zikintzen saiatu dira, eta migranteekiko, ahulenekiko, nire konpromisoa lohitzen. Izenak? Oraindik ez, goizegi da, geroago". Gehien mindu duena bere moralari eraso egin izana dela adierazi du, eta ekonomikoki abokatuak ordaintzeko ere ez duela.

 

 

 

Wim Wenders zinemagileak Il Volo dokumentalean kontatu zuen Riace herriaren eta bere alkatearen historia, nola aurre egin zion biztanlez hustutzeari migratzaileak hartuz.