argia.eus
INPRIMATU
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon
  • Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo berri bat martxan jartzea bururatu zitzaien. “Hainbat eta hainbat migrantek bizi zuten egoera ikusita, paper kontuak legeztatu arte harrera on bat egiteko eta hori nolabait lehen sektorearekin uztartzeko ideia sortu zitzaigun”, azaldu du Josu Ojinaga Anasagasti kideak. Etxeko itxialdian sortu zitzaien asmoari neurriak malgutzen hasi bezain pronto ekin zioten, eta lantzeko lur bila hasi ziren herrian.

Garazi Zabaleta 2022ko urtarrilaren 24a

Arrantzaren mundutik iritsitakoak dira Bermeo inguruan bizi diren migratzaile gehienak, eta aurretik nekazaritzarekin eta lehen sektorearekin izandako harremanaren ondorioz,  proiektura batu edo ez zalantza egin zuen askok hasieran. “Migratzaile askok nekazaritza pobreziarekin lotzen du, eta kontraesan handi bat da eurendako handik hona horretatik ihesi etorri eta hemen berriz horrekin topo egitea”, Ojinagaren hitzetan. Bultzatzaileen ustez, ordea, nekazaritzan trebatu ahal izatea aukera ederra da haientzat ere. “Migratzaileen artean, askok ez du ikasketarik, eta zaila zaie lana topatzea. Horregatik iruditu zitzaigun bide egokia izan zitekeela nekazaritzarena”.

Honezkero urte eta erdi inguru darama martxan proiektuak, eta hamaika bat migratzaile pasatu dira bertatik. Lurre Hurrek etxea eskaintzen die nekazari berriei, eta baratzeko tekniken inguruko formazioa jasotzen dute. “Goiz osoko formazio praktikoa izaten dute egunero eta teknika diferenteak lantzen dituzte”. Nekazaritza ekologikoan dihardute, eta Bermeoko Udalaren eta Jaurlaritzako migrazio ordezkaritzaren partetik jasotako babesari esker, formazio prozesuan eta lanean ari direnek diru-laguntza ere jasotzen dute.

Herriak utzitako lurrak lantzen

Zenbait herritarrek, udalak berak eta Elizak utzitako lurrak lantzen dituzte nekazariek. “Herrian zehar banatuta dauden lursailak dira lantzen ditugunak, eta horietako bakoitzean hainbat ortulari ari dira lanean”, azaldu du Ojinagak. Guztira, bi hektarea eta erdi inguru lantzen dituzte, eta bertatik ateratzen dituzten produktuak otzaretan saltzen dituzte astero, inguru hurbilean. “Bermeon eta Mundakan saltzen ditugu batez ere, eta inguruko dendetan ere saiatzen ari gara”.

Barazki freskoez gain, kontserbak eta marmeladak ere egiten dituzte ekoizleek haien barazkiekin, eta horiek ere otzaretan sartzen dituzte. “Ikasteaz gain, herrian harremanak egiteko ere interesgarria da proiektua. Azken batean, paperen esperoan daude gazte asko, eta itxaronaldi hori modu aktiboan pasatzeko aukera dute proiektuan, nekazari izateko ikasketak egin bitartean”, bukatu du.