argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren proposamena Europari
Migratzaileak herrialdearen diru-sarreren, biztanle kopuruaren eta langabeziaren arabera banatzea
  • Hiru ardatz dituen proposamena egin du Eusko Jaurlaritzak. Batetik, Share ekimena aurkeztuko dio Europar Batasunari, migratzaileen etorrerari modu “ordenatu eta solidarioan” erantzuteko; Espainiako Gobernuari ere hainbat neurri eskatuko dizkio; eta EAEn Migraziorako Itun Soziala bultzatuko du.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 19a

Europarako, hiru irizpide nagusi

Jaurlaritzaren proposamenean, hiru faktorek baldintzatzen dute nagusiki migratzaileen harrera Europar Batasunean eta migratzaileak herrialdeka banatzerako orduan, ekuazioa ondorengoa litzateke: estatuak dituen diru-sarrera fiskalek %50eko pisua izango lukete erabakian (herrialde aberatsenek migratzaile gehiago hartzea da asmoa), biztanle kopuruak %30eko pisua, eta langabezi tasak %20. “Harreraren eta integrazioaren erantzukizuna elkarbanatzea” du helburu ekimenak eta urriaren 9 eta 10ean aurkeztuko du proposamena Jaurlaritzak, Europako Eskualdeen Batzordean.

Espainiari eskaera zehatzak

Espainiako Gobernuari eta gainerako instituzio eta eragile sozialei ere eskaera zehatzak egingo dizkie. Jaurlaritzak hainbat profil desberdintzen ditu: migratzaile legalak, errefuxiatu eta asilo eskatzaileak, paperik gabeko migratzaileak, eta bakarrik dauden adingabe migratzaileak.

EAEn, ituna

Azkenik, EAEn Migraziorako Euskal Itun Soziala sustatu nahi du Jaurlaritzak. Helburua, “elkartasunean eta erantzukizunean oinarritutako harrera eta integrazio pedagogia baten alde demokratak biltzea”. Migratzaileen erregularizazioari, harrerari eta integrazioari begira konpromisoak iragarri ditu, baita diskurtso eta zurrumurru xenofoboen aurkako ekintzak ere.