Europako Batzordeak beste urrats bat eman nahi du migrazioaren kontrako politikak gogortzeko bidean: deportaturiko migratzaileek ez lukete zertan harreman zuzenik izan behar hirugarren herrialde "seguruak" deiturikoekin, hara kanporatuak izateko.
Migratzaileak kanporatzea gero eta errazago jarri nahi die Bruselak Europar Batasuneko herrialdeei, eta horren isla da asteartean komunikatu baten bidez mahairatutako proposamena, asilo eskaera ukatu zaien paperik gabeko pertsonak hirugarren herrialdeetara deportatzeko baldintzak murrizteko.
Europako Batzordeak araudia aldatu nahi du, eta hemendik aurrera migratzaileak ez luke derrigorrez lotura zuzenik izan behar "seguru" gisa sailkaturiko hirugarren herrialdearekin, hara deportatua izateko.
Bruselak, herrialde bakoitzaren araudiaren esku utzi nahi du zuzeneko loturaren derrigortasuna. Hala, proposamenak aurrera egingo balu, lotura bakarra mugatuko litzateke migratzailea, bere bidaia luzean, hirugarren herrialde horretatik "igaro" izanera.
Hirugarren herrialde "seguruen" bidea deportazioak erazago egin ahal izateko ihesbide suerta liteke, herrialdeen arteko aldebiko hitzarmenak sinatuta.
Pasa den martxoan, Bruselak beste proposamen bat egin zuen hirugarren herrialdeetan deportatuentzako "guneak" eraikitzeko. Orain, Europako Parlamentuaren eta Europar Kontseluaren esku dago erabakia.