Urtea hastearekin bat, hainbat sormen-lan domeinu publikora pasa berri dira, Mickey Mouse saguaren lehen filma tartean, Steamboat Willie, 1928an sortua. Aldiz, Mickey Mouse pertsonaia marka erregistratu gisa babesturik dago oraindik ere, 1928ko film laburraren egile eskubideak soilik iraungi baitira.
Halaber, herrialde batzuetan Copyright lizentzia mantenduko du Steambot Willie animaziozko filmak, Wikimediaren blogeko Welcome to the Public Domain, Mickey Mouse! artikuluan irakur daitekeenez.
Domeinu publikora pasa den sagua –sortu eta 95 urtera– ondorengo bertsioetakoa baino txikiagoa da, eta ez du hitz egiten. Hemendik aurrera nahi duen orok erabili ahal izango ditu film labur horretako irudiak, baina tentuz jokatu beharko du, Disney-rekin –Mickey modernoaren jabearekin– arazorik izan nahi ez badu behintzat, Héctor Farrés kazetariak La Vanguardia egunkarian azaldu duenez. Alegia, Disney konpainiak ohartarazi duen moduan, sor daitezkeen Mickey berriek ezin dute Mickey modernoaren (eskularru handiak, galtza gorriak, zapatak...) antzik izan. Zentzu horretan, nahasmendua eragin dezaketen produktuen aurka egingo duela azaldu du konpainiak.
Steambot Willie (1928)