argia.eus
INPRIMATU
Miarritzeko alkatea auzipetu dute, 5.512 isun baliogabetzeagatik
  • Didier Borotra Miarritzeko alkatea auzipetu egin dutela jakinarazi du Baionako prokuradore Anna Kayanakisek. 2009-2013 artean poliziek jarritako 5.512 trafiko isun baliogabetzeagatik, hamar urteko espetxe zigorra eska dezake prokuradoreak haren aurka.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 12a
Didier Borotrak 10 urteko espetxe eskaerari egin ahal dio aurre. (Argazkia: Paris Match)

Isunak ezabatzeagatik, Herriko Etxeak eta Frantziako Estatuak 120.542 euro galdu dituztela adierazi du Kayanakisek. Azaldu duenez, isunak baliogabetzeaz gain, hainbat infrakzio ez zigortzeko eskatu zien auzapezak udaltzainei, telefonoarekin gidatzen zihoan gidariei isunik ez jartzeko, esaterako.

Borotraren hitzetan, gidari elbarrituei eta osasun arloko langileei gaizki aparkatzeagatik jarritako isunak ezabatu ditu.

Prokuradoreak, baina, diru publikoa desbideratzeagatik auzipetu du, baita bere karguari ez dagozkion erabakiak hartzeagatik ere, isun batzuk ezabatzeko agindua Ministeritzako ordezkari batek besterik ezin baitu eman.