argia.eus
INPRIMATU
“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak
  • Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko otsailaren 07a

Gasteizko irakasle batek hainbat sare sozialetan “mezu faxista, transfobo, arrazista eta frankistak” zabaldu dituela salatu du Ikamak, edo Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aldekoak. Honakoak lirateke mezu horietako batzuk: “Hit it hard Israel, the world with you!” (Eman gogor Israel, mundua zurekin!), “Grande Abascal, tienes mi voto” (Handia zara Abascal, baduzu nire botoa), “...las bolleras que votan a la izquierda, que tienen menos luces que una vela” (ezkerrari botoa ematen dioten bollerak, zein baino zein motzagoak dira).

Horren guztiaren harira, Ikamak dio hau ez dela “kasu isolatua, hau gaur egun zabaltzen ari den olatu faxista eta balore erreakzionarioen gorakadaren ondorio zuzenetako bat da. Mundu mailan gertatzen ari da, eta hemen, Euskal Herrian, honen zantzu nabarmenak ikus ditzakegu”.

Halakoak eraso gisa hartzen dituztela zehaztu du Ikamak eta horien aurrean ikasleak saretzera deitu ditu. Gogoratu dute, halaber, iazko irailean EHUko Leioako Campusean izan zen gisa bereko kasu bat. Horren ondorioz, mezu faxistak eta misoginoak sare sozialetan barreiatzen zituen irakaslea kanporatu zuten. Orduan EHUk erabaki zuen pentsamolde hori zuen irakaslea ezin zela irakaskuntza lanetan aritu unibertsitatean halako balore eta jarrerekin.

Ikamaren esanetan, orduan bezala oraingoan ere “ikasleak ez dira isilik geratuko” eta irakasle hau kanporatu arte “erantzun irmoa” emango dute: “Faxismoak ezin du lekurik izan hezkuntza sisteman”. Horrela, datorren astelehenean bilkurak egingo dituzte Farmazia Fakultateko sarreran, lehena 13:00etan eta bigarrena 18:00etan.