argia.eus
INPRIMATU
"Metroari STOP" lelopean, protesta egin dute Donostian Urkullu lehendakariaren aurrean
  • Donostiako Metro-pasantearen aurkako agerraldia egin dute hamarnaka lagunek gaur goizean, Urkullu lehendakariak Easoko tren geltokian egin duen agerraldian.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 04a

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta eta “Metroari STOP” lelopean, mezu hori zeramaten aterki eta banderola horiak zabaldu dituzte, protesta gisara, metroaren atarian. Protestarekin “Jaurlaritzak Donostian Metroa eraikitzeko egiten duen propagandaren gezurrak” salatzeaz gain, “hirian desadostasun zabala pizten duen egitasmo hori gelditzeko” eskatu dute bertaratutakoek.

Herritarren artean kontrako iritzi zabala jaso duen egitasmoarekin aurrera jarraitzearen erantzule gisa EAJ jo du Satorralaiak, proiektua “era zeharo inposatzailean” sustatu eta Ana Oregi sailburuak Donostiako garraio publikoaren gaineko gizarte-eztabaida eta parte-hartzeari ateak zabaltzeko hitzemandako konpromisoa albo batera utzi duela azpimarratuz.

Zentzugabekotzat jotzen duten egitasmo hau zuritzeko asmoarekin Jaurlaritzak argudio faltsuak erabili dituela eta herri galdeketa zein eztabaida publikoak martxan jartzeko eskaerei sistematikoki ezezkoarekin erantzun diela salatu dute.

Egitasmo honen aurka egiteko arrazoiak ez zaizkiela falta adierazi dute. Arrazoi horien artean batzuk aipatu dituzte: Donostian metro bat eraikitzea beharrezkoa ez dela, obra baliabide publikoen xahuketa bat dela, Metroaren pasanteak Dbusen ondorio kaltegarriak eragingo lituzkeela edota interesik ez dagoela garraio publikoa hobetzeko dauden bestelako aukera ekonomikoagoetan.

Metro-pasantearen obrak gelditzea, bertara bideratutako diru-partidak  jendarteak une honetan dituen premia bizienak asetzera zuzentzea eta Donostiarentzat garraio publiko eredu egokienaren inguruan herritarren partaidetzan oinarrituriko den erabaki prozesu bat abian jartzea exijitzen dute. Agerraldiaz baliatu dira eskaera horiek egiteko datorren ekainaren 2an egingo duten manifestaldiaren deialdia zabaltzeko.