CDU-CSUren eta SPDren arteko aliantzak 328 aulki baditu ere Bundestagen, 310 diputaturen babesa jaso du Merzek astearteko bozketan, gehiengoa lortzeko behar direnak baino sei gutxiago. Lehen aldia da Alemania errepublika federala denetik ez dela kantzilergai bat lehen bozketan aukeratzen.
Alemaniako kantziller izateko, hautagai batek Bundestagak dituen 630 diputatuetatik 316ren babesa behar du, eta itxura zuen Friendich Merz CDU Batasun Kristau-Demokratako buruak langa hori gaindituko zuela astearteko bozketan, CDU-CSUren eta SPD alderdi sozialdemokrataren arteko koalizioak 328 aulkitu baititu. Ezustean, ordea, Merzek ez du gehiengo osoa lortu, bozketan 310 diputaturen babesa jaso baitu eta 307k kontra bozkatu baitute.
Phoenix telebista katearen arabera, CDU-CSU eta SPD alderdien diputatu guztiak zeuden presente astearte goizeko osoko bilkuran. Horietako hamahiru abstenitu egin dira. Beraz, gutxienez bost diputatuk ez dute bozkatu Merzen alde, baina bozketa sekretua denez, ezin da jakin nork.
Lehen bozketan gehiengoa osoa eskuratu ez duenez, Merzek bigarren bozketa batean lortu beharko ditu nahikoa boto Alemaniako kantziler bihurtzeko. Konstituzioaren arabera, hamalau eguneko epean egin behar da hori. Hain ziur zen Merz asteartean kantziler izendatuko zutela, hainbat bidai ofizial zituela hurrengo egunetarako: esaterako, bihar Parisera eta Varsoviara joatekoa da, berez. Alemaniako hainbat hedabidek argitaratu dute, ordea, Merz beldur dela ez duela nahikoa babes jasoko bozketa berriz asteartean eginez gero.
Aurrekaririk gabeko gertakaria
Aurrekaririk gabeko gertakaria da honakoa Alemania 1949an errepublika federal gisa eratu zenetik, gehiengo osoaren babesa izateko zailtasunak eduki dituzten kantzilerrak egon badira ere: besteak beste, errepublikak izan zuen lehen kantzilerra, CDUko Konrad Adenauer, boto bakar bateko aldearengatik aukeratu zuten herrialdeko buru. Alderdi bereko Helmut Kohln ere diputatu bakar baten aldeagatik bihurtu zen Alemaniako kantziler 1994an.
Eskuin muturraren mehatxua, agerian
Merzen ezusteko porrotak agerian utzi du Alemaniak bizi duten testuinguru politiko ezegonkorra. Otsailaren 23an egin zituzten presidentetzarako bozak, eta CDU garaile irten bazen ere 208 eserleku lortuta, SPDk inoizko emaitza txarrenak lortu zituen –120 diputatu– hirugarren indarra izanda. Afd Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdiak azken urteetan izaten ari den gorakada berresti zuen, eta bigarren indar gisa kokatu da 152 aulki eskuratuta.
Hain zuzen, Alemaniarentzako Alternatibako buru Alice Weidelek jopuntuan jarri ditu Merz eta gobernu koalizioa sare sozialetan: bere esanetan, gertatutakoak argi uzten du CDU-CSU eta SPDren arteko koalizioa "ahula" dela, eta CDUren buruari exijitu dio dimisioa eman dezala eta hauteskundeak errepika daitezela.