Eguerdiko 14:00etatik aurrera eten egingo da Gasteizko Mercedes enpresaren produkzioa. Langileek protestak egin dituzte goizean itxiera exijituz, enpresak aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarri nahi zuen. Goizeko lehen orduan langileek Ertzaintzari bertaratzeko deia egin diote, segurtasun neurriak betetzea ezinezkoa dela egiazta dezan.
Goizeko 10:30ean zegoen deitua enpresa batzordearen eta Mercedeseko zuzendaritzaren arteko bilera. Horren aurretik jada, goizeko lehen orduan, langileek ekoizpena bertan behera uztea eskatu dute, koronabirusaren aurreko segurtasun neurri bezala. Kutsadura kasu bat egiaztatu da langileen artean, eta 23 langile gehiago berrogeialdian daude. Enpresa Batzordeko buru Igor Gebarak El Correo-ri adierazi dioenez, goizeko lehen txandan langile dezentek egin du huts eta produkzio erritmoa ohi baino mantsoagoa da.
Mercedeseko zuzendari Emilio Titosek enpresa batzordeari erantzun dio segurtasuna bermatuta dagoela langileei maskarillak banatu zaizkielako, eta produkzio eteteko Alemaniako zuzendaritzaren baimena behar duela. Goizeko 10:30etarako aurreikusia zegoen bilera atzeratu egin du zuzendaritzak. Tarte horretan Enpresa Batzorde osoak eserialdia egin du 10. lerroan, produkzio eragotziz. Protesta lantegiko beste lerro batzuetara zabaldu da ondoren. Azkenik, enpresako arduradunek 14:00etatik aurrera Mercedes ixteko erabakia hartu dute.
🔴 [BIDEOA] Zuzendaritzak bilera atzeratu du berriro. Langileen arabera ezinezkoa da segurtasun tartea mantentzea koronabirusaren kutsatzea saihesteko, eta ekoizpena guztiz etetea exijitu dute https://t.co/aznlipjhvd pic.twitter.com/nqXQIuWCxF
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) March 16, 2020
Enpresa handiak ixten ari dira
Mercedesek 10.000 langile inguru ditu. Gasteizko bigarren enpresa nagusienak, Michelinek, ixtea erabaki du. Berdin egin dute azken orduetan Nafarroako Volkswagenek, CAFek edo Irizarrek ere.