Etxebizitzaren arazoak hamaika aurpegi ditu: badira eraikuntzan aritzen diren enpresak, salerosketan aritzen direnak, ohiko etxebizitzen alokairuekin etekinak ateratzen dituztenak eta apartamentu turistikoetatik zein denboraldiko alokairuetatik irabazi izugarriak ateratzen dituztenak. Logika berbera dago guztien atzean: oinarrizko behar batetik etekin pribatua ateratzea.
Egungo gizarte ereduan, merkantzia bat da etxebizitza, eta horrek inplikazio eta ondorio larriak ditu. Izan ere, etxebizitza ordaintzeko ahaleginak soldatak, pentsioak edo prestazioak jaten dizkio gizartearen gehiengoari; baina higiezinen merkatua kontrolatzen dutenentzat, aldiz, etxebizitza mauka galanta da negozioa egiteko: horren erakusle dira eraikuntza-enpresen eta sustatzaileen etekinak, askotariko salerosketa-operazio espekulatiboak, alokairu-errentak edo pisu turistikoen gisako modalitate are errentagarriagoak.
Diskurtso batzuek azpimarratzen dute arazoaren kausa atzerriko putre funts maltzurrak direla. Nahi eta beharrezkoa den halakoak seinalatzea, ezin da alde batera utzi oso normalizaturik daudela etxebizitzarako sarbidea garestitzen duten mota guztietako praktikak, eta praktika horietatik probetxua ateratzen dutenak ez direla kanpoko agenteak soilik: bertakoak ere aski aberasten dira, batzuetan irudi atsegina eta Nafarroarekiko konprometitua ematen saiatzen badira ere. Hain justu, horien artean koka genezake Fernando Vidaurrek kontrolatzen duen enpresa-taldea. Haren abizena historikoki Iruñeko hirigintzarekin loturik izan da, haren aitak hiriaren urbanizazioan parte hartu baitzuen eta frankismo betean zenbait obra publiko esleitu baitzizkioten. Iraganak eta orainak antza izaten dute maiz.
Mercaderes 18ko blokearen egoera esanguratsua da oso. Etxebizitzen jabe den Vidaurre Group enpresak 11 apartamentu turistiko egiteko lizentziak lortu ditu
Gaur egun, Fernando Vidaurre dozena bat enpresa baino gehiagoren burua da, horien artean VDR eraikuntza-enpresa, 2024an 30 bat milioi euroko diru-sarrerak izan zituena. Baina haren jarduerak etxebizitzaren negozioaren beste adar ugari hartzen ditu bere barnean. Alde batetik, Luis Miguel Trigero Gómezek bultzaturiko zenbait higiezin enpresatako administratzailea da Vidaurre jauna. Triguero ezaguna da sozietate fantasmak sortzeagatik, bai eta haren izena ustelkeria-kasuetan agertzeagatik ere, adibidez Gürtel traman edo Koldo auzian. Bestalde, Fernando Vidaurreren enpresa taldeak inplikazio sektore turistikoan ere gero eta sartuagoak ditu atzaparrak: duela gutxi, turismora eta egonaldi labur zein ertainetara bideratutako 57 apartamentuko bloke bat jarri zuen martxan Ipar Etxabakoitzen, Pomarelli SL enpresaren sustapenez –Vidaurreren enpresa-taldeko sozietateetako bat–. Líbere konpainia ospetsuak –All Iron SOCIMIaren jabetzakoa– kudeatzen ditu apartamentu horiek eta, haritik tiraka, ez da bi enpresa-egitura horien arteko harreman zuzena agerian gelditzen den lehenengo aldia: 2021ean, VDRk eraikin bat saldu zion All Ironi, eta ondoren erreforma egin zion 34 apartamentu turistikoki bloke bat egiteko, gaur Líbere Pamplona Yamaguchi izenarekin promozionatzen dena. Gainera, Vidaurreren sozietateetako bat hotel baten sustatzailea izan da Sevillan, eta argi erakutsi dute haien interesak Nafarroako mugetatik haratago doazela.
Testuinguru horretan, Mercaderes 18ko blokearen egoera esanguratsua da oso. Etxebizitzen jabe den Vidaurre Group enpresak, Inversiones San Saturnino SL sozietateak kudeatua –Fernando Vidaurre bera da administratzaile bakarra–, 11 apartamentu turistiko egiteko lizentziak lortu ditu. Lizentzia horien tramitazioa Iruñeko Udalak Alde Zaharrean pisu turistikoak egiteko baimen berrien suspentsioa ezarri aurretik hasi zuten, hain justu, Eslava kaleko bloke turistikoekin gertatu bezala. Orain Mercadereseko blokean ohiko alokairuan bizi diren auzokideak zeharo kezkatuta daude beren etorkizunarekin, berriki jakitera eman dutenez.
Azkenean asmo horiek egia bihurtzen badira, Mercaderes 18n 11 pisu gehiago gehituko zaizkio Alde Zaharreko pisu turistikoen zerrendari, non 200 etxebizitza turistiko baino gehiago baitaude erregistratuta, kontaketatik kanpo utzita hotel, ostatu, aterpetxe eta antzekoak. Horren ondorioak aski ezagunak dira: auzokideak kanporatzea, pobretzea, sare komunitarioak desegitea eta auzoa bisitarien zerbitzura diseinatzea, eta ez auzokideentzat. Bitartean, balantzaren beste aldean, errentatzaileentzat eta Vidaurrerena bezalako enpresa-taldeentzat ezin erakargarriagoak diren etekinak. Etxebizitzaren arazoak, turismoarenak bezalaxe, batzuei egiten die kalte, baina urre-iturri da beste batzuentzat. Ordea, oro ez da urre, eta, beste hainbestetan bezala, langile-klaseak ordaintzen ditu haren ondorioak, gogotik ordaindu ere.
Andoni Burguete, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea