argia.eus
INPRIMATU
Menpekotasun teknologikoa murrizteko tokiko eragileen arteko saretzea, Euskarabildua jardunaldietako mahai-ingurua
  • 2020tik pandemia batean murgilduta egon gara duela gutxi arte eta orain energia eta baliabide krisi handi batean. Asko hasi dira zalantzan jartzen globalizazio basatiaren eta bizi garen inguruneak eman diezazkigukeen baliabideak gainditzen dituen bizitzeko modua. Desazelerazioaz, deszentralizazioaz, burujabetzaz eta kontrol autonomoaz hitz egiten da hainbat esparrutan eta esparru teknologikoa, jakina, ez dago guzti horretatik kanpo.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 24a

Nagusi diren irtenbide teknologikoen aurrean, gauzak beste modu batera eginda, alternatibak sortu ahal direla erakutsi nahi du Euskarabildua jardunaldiak, utopikoa dirudiena errealitate bilakatu daitekeela erakutsiz. Horretarako tokiko eragileen arteko saretzeak duen indarra azpimarratu nahi du. Izan ere, beste eremu batzuetan burujabetza ereduak lantzen ari dira Euskal Herriko herri desberdinetan (energia, telekomunikazio edo zaintza eremuetan esaterako). Eredu antzerakoak aplikatu daitezke teknologian ere, bere zehar-lerrotasuna ulertuz. Hain zuzen ere, hausnarketa hori mahai gaineratu nahi du aurtengo edizioak.

Horretarako tokiko burujabetzen inguruko mahai-inguru bat egingo da. Bertan parte hartuko dute Lakari kooperatibako Leire Udabek, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko Josu Harismendyk, Arruazuko Udaleko alkate Gorka Ovejerok Sakananet proiektuaren izenean eta Hernaniko Udaleko alkate Xabier Lertxundik Hernani Burujabe egitasmoaren izenean.

Euskarabildua jardunaldia urriaren 27an egingo da San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Bertaratu nahi izanez gero, webgunearen bidez izena eman daiteke.