Mendiluze nagusitu da Durangon, finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioan

  • 2.100 lagunek bete dute Landako, bertso saioari giro beroa emanez. Aitor Mendiluze gailendu da 740,5 punturekin, bertsotan eroso eta erritmo bizian jardunda. Sei bertsolarietatik bost sailkatu dira finalerdietako bigarren fasera, Miren Artetxe izan da kanpoan geratu dena.


2017ko azaroaren 13an - 10:19
Eroso eta bizkor jardun da Mendiluze

Pixkanaka joan da giroa berotzen Durangoko saioan. Bertsolariek ariketa guztietan maila txukuna eman bazuten ere, aise gailendu da Mendiluze. Koska bat gorago egon da saio guztian zehar: eroso, bizkor eta lasai. Maialen Lujanbiorekin batera sailkapenaren lehen postuetan jarri da finalaurrekoen bigarren itzulia hastear denean.

Urtebetetze ospakizunak izan dituzte hizpide bertsolariek kartzelako bertsoetan: “Amaitu da ospakizuna, dena jasotzen ari zara” izan da Amaia Ugalde gai jartzaileak botatako gaia. Besteak beste, Artetxe kanpotarren ospakizunez oroitu da, Miren Amuriza down sindromedun ume baten amaz, bertso borobila eta hunkigarria osatuz, eta Iñaki Apalategik Idoiaren 95 urteko aitonaren urtebetetze festan bizitakoa nabarmendu du. Jon Maiak habaneran abestu du, oraindik txapelketan entzun gabeko doinuan.

Seiek ildo beretik jo arren, Oihana Iguaranen bakarkakoa izan da azpimarragarriena: 60 urte bete berri dituen amamari bere urtebetetze festa jasotzea tokatu eta ospatzeko ezer gutxi zuela uste zuenean, gizona erratzarekin agertu izanaren poza hartu du ardatz.

Epaileen erabakiek inor gutxi harritu dute: 60 puntuko aldea atera dio Mendiluzek bigarrena izan den Amurizari. Iñaki Apalategik lortutako 648 puntuak izan dira finalaurreko bigarren itzulira pasatzeko muga:

  • Aitor Mendiluze 740,5 puntu
  • Miren Amuriza 678,5 puntu
  • Jon Maia 675 puntu
  • Oihana Iguaran 671 puntu
  • Iñaki Apalategi 648 puntu
  • Miren Artetxe 639 puntu

Bigarren itzulirako dena prest

Hemendik aurrera finalera sailkatzeko bigarren itzulia hasiko da. Saioetako irabazle eta bertsolarien puntuazioei erreparatuta osatu dira finalaurrekoen bigarren itzuliko saioak:

  • Azaroaren 19an, Amurrion: Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue.
  • Azaroaren 26ean, Donibane Lohizunen: Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Agin Laburu, Jone Uria, Julio Soto eta Iñaki Apalategi
  • Abenduaren 2an, Iruñean: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Alaia Martin.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude