Euskal Herrian eta inguruko lurraldeetan piztu diren suteak ez dira soilik meteorologiaren ondorio, Eguzki talde ekologistaren arabera, "ganaduarentzako eta etekinak ateratzeko eremuak lortzeko erabiltzen dute batzuek klimatologia, eta erretzen dute mendia".
Euskal Herrian, Asturiasen eta Kantabrian azkenaldian piztu diren suteen atzean "ganaduzaleen interesak" ikusten ditu Eguzkik, eta adibide bezala jarri du Amezketa eta Bedaioko Zabalegi izeneko parajean, Aralar naturgunean, duela bi egun gertaturikoa.
"Gauez eta nahita eragindako sute horrek ez ditu soilik ondare publikoaren kontura etekinak bilatzen, diru-kutxa publikoei eragindako kalteez gain, herritarren osasunari egindakoa gehitu behar diogu". Bere esanetan, asteazkenean Goierrin sorturiko suteak airearen kalitatea kutsatu du: Tolosa eta Beasaingo aireko kalitatea neurtzeko estazioek partikula kopuru hirukoitza neurtu dute sutea izan eta ordu gutxira.
Eguzkik hainbat eskaera egin ditu halako jatorria duten suteak ez errepikatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio debekatu dezala sutea izandako eremuetan ganadua ibiltzea hainbat urtez; Eusko Jaurlaritzari hobetu dezala suteak ikertzeko protokoloa; eta udalei eta mankomunitateei sutea sortzen denean herritarrei zer egin azaltzeko neurriak har ditzatela.