argia.eus
INPRIMATU
Aurten ere mendiak eta musika lotzen dituen Urmuga jaialdia ospatuko da
  • Uztailaren 12tik 30era natura eta gizakia musikaren bidez harremantzeko jaialdia egingo da, Bizkaiko Angulo portutik Hiru Erregeen Mahairaino. Euskal Herriko eta atzerriko artistek parte hartuko dute.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 28a
Argazkia: Urmuga.

19 egunetan ospatuko da, Bizkaiko Angulo portutik Hiru Erregeen Mahairaino. Bertako gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman, eta Urmugaren inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jartzea du helburu.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Urmugatik pasako dira Euskal Herriko eta atzerriko musikagintzan erreferente diren izen ugari: "Estilo, belaunaldi, eta kantaera desberdinak bilduko ditu, eta guztiak Et Incarnatus Orkestan ingurumarian arituko dira".

Aurreko urteetan ikuslegoa kultur eredu "ez jendetsu eta ez kaletar" batera erakartzea lortu zutela esan dute. Aurten ere, kulturaz gozatzeko beste mota bateko ereduak posible direla baieztatu dute.

Hainbat talde eta artista baieztatu dituzte. Horien artean dira Aire Ahizpak, Alex Sardui, Arkaitz Miner, Baigorriko Gaiteroak, Baigorriko txaranga, Bingen Mendizabal, Bixente Martinez, Donostiako Orfeoia, Ibil Bedi, Eñaut Elorrieta, Gorka Hermosa, Koldobika Jauregi, Korrontzi, Maider Zabalegi, Mikel Urdangarin, Rafael Rueda Rukula eta Xutik taldea.

Egitaraua Urmugaren webgunean ikus daiteke.