argia.eus
INPRIMATU
Mendebaldeko Europa da uneotan Covid-19 izurriaren epizentroa: 55.000 heriotza baino gehiago
  • Amerikako Estatu Batuak omen dira oraintxe bertan Covid-19 izurriaren epizentroa, hedabide askotan egunotan irakur daitekeenez. Europarrontzako tamalez, egia ez da batere horrela: Europa da, edo zehazkiago Mendebaldeko Europa aberatsa, koronabirusak heriotza gehien metatu dituen biztanle multzoa. Estatistikei ondo erreparatuz gero, zalantza gutxi uzten du bataren eta bestearen arteko konparazioak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2020ko apirilaren 08a
Txagorritxu ospitalea Gasteizen, Euskal Herrian koronabirusaren erasoa gehien sufritu duen guneetako bat. (Argazkia: EITB)

Egia da AEBetan abiadura betean ari dela hedatzen eta biktimak eragiten Wuhanen azaldutako koronabirusa. Baina hori bezain egia da Europako zenbait herrialdetan izurriteak aurreko asteetatik ekarri duen abaila oraindik kontrolatu ezinean ibiltzeaz gain Britainia Handian oraintxe bertan ari dela birusa bere sarraski gogorrenak zabaltzen. Beraz, pandemiaren epizentroaz hitz egiten hasita... non dauka Covid-19ak bere gune beroena?

Pandemiari jarraipen estatistiko bikaina egiten dion Worldometers zerbitzuak apirilaren 8an goizeko 04:58an eguneratu duen taulan ikus daiteke mundu osoan orain arte 82.096 hildako eragin dituela. Horietatik 12.857 AEBetan.

AEBek 400,5 milioi biztanle dauzkate (Wikipedia). Hainbeste milioi biztanlerekin AEBak Europako ezein herrialderekin alderatzeak ez dauka zentzurik. Egokiagoa iduri luke alderatzea Europar Batasunarekin, 447 milioi biztanle, justu urtarrilean Brexita abiatu arte barne zituen britainiarrekin 523 milioi biztanle.

Gutxi gora-beherako erreferentzia bila egindako ariketa xinple bat da hau, irakurlea ez al zaigu gehiegi haserretuko Mendebaldeko Europa aipatuta kalkuluetan Errumania sartu dugulako eta ez EBko kide ez diren Suitza edo Norvegia eta abar. Biztanle kopuru antzekoak are hobeki alderatu ahal izateko, beraz, hartu EBn biktima kopuru lodienak dauzkaten 13 herrialdeak, "Covid-19 top 13" osatzen dutenak, eta ohartuko gara juxutu horiekin daukagula 396 milioi biztanleko multzoa: Alemania, Austria, Belgika, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Italia, Suedia, Portugal, Danimarka eta Errumania. 13 herrialdeok biltzen dituzte Europan koronabirusak eragindako biktima gehienak: 56.000 heriotza.

Horixe da gaur Mendebaldeko Europak munduari erakusten dion argazkia: planeta osoan koronabirus izurriteak apirilaren 7a arte eragindako 82.000 heriotzetatik Txinan gertatu dira 3.333, AEBetan 12.900 inguru eta Mendebaldeko Europan 56.000tik gora.

Uneotan epizentroa Europan dago. Eta epizentroan gu ere badaude, euskal herritarrok.