argia.eus
INPRIMATU
Mende amaierarako itsasoak euskal kostaldea hondartzarik gabe utz dezakeela ohartarazi du AZTIk
  • Klima aldaketak Euskal Herriko kostaldean dituen eta etorkizunean izango dituen ondorioei buruzko txostena kaleratu du AZTI zentro teknologikoak. Baliteke mende amaierarako itsas maila 65 zentimetro igotzea. CO2 emisioak murriztu beharra agerian geratu da berriro ere.

     

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 28a
Zarauzko hondartza // Argazkia: Twitter

Klima aldaketak euskal kostaldean daukan inpaktuari zenbakiak jarri dizkio AZTI zentro teknologikoak, orain berri ateratako txosten batean. 1990etik, hamarkada bakoitzean 1,5-3,5 zentimetro artean igo da itsas maila, eta aurreikuspenen arabera, baliteke itsas-mailaren igoera 50 eta 65 zentimetro artekoa izatea mende honen amaierarako. Adituek hondartzetako, bizitegi-lurzoruko eta industria-lurzoruko inpaktuen xehetasunak aztertu dituzte eta AZTIko Klima Aldaketa arloko koordinatzaile den Guillem Chusten hitzetan, itsas-mailaren hazkundeak “hondartza gehienak, padurak eta belardiak galtzea” ekarriko du. Kalteak minimizatzeko egokitzapen neurriak proposatzen ditu zentro teknologikoaren txostenak.

Hondartzetan, paduretan eta belardietan ez ezik, kostako azpiegitura kritikoetan ere eragingo du igoera horrek; portuetan, dikeetan eta itsas pasealekuetan kalte handiak sortuta. Olatuen muturreko altueran ere gorakada nabaritu dute, hego-ekialdean bereziki. “Ondorio kritikoak” direla azpimarratu du AZTIk.

Ozeanoak eta neurgailuak

Ozeanoak funtsezko eragileak dira klima globalaren erregulazioan. AZTIk klima aldaketak ozeanoei nola eragiten dien aztertzeko konpromisoa erakutsi du, metodo zientifikoak erabilita. Hori lortzeko, datu-base bateko informazio ugari bildu dute, ekaitzak ebaluatzeko eta kostaldeko eremuei nola eragingo dieten aurreikusteko. Gainera, hainbat tresna dituzte, hala nola olatuek kostaldeko egituretan nola eragiten duten neurtzeko sentsoreak, uholdeak simulatzen dituzten ordenagailu-ereduak eta olatuen eta uholdeen kalteak prebenitzeko alerta goiztiarreko sistema bat.