argia.eus
INPRIMATU
'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko
Uxue Gutierrez Lorenzo 2025eko ekainaren 27a
Amets Badiola Rubio

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan, gaztetxearen kanpoaldean, Berri Txarrak taldearen Ez dut nahi kantua errekonozitu dut.

Very Txarrak taldea atzean utzita hurbildu naiz kultur etxera. Sarreraren barra kodea eskaneatu ondoren, langileak eman didan gutunazalarekin hasi da abentura. Zorroa ireki eta barruan orri markatzaile estiloko bi kartulina laukizuzen daudela ikusi dut, eta boligrafo bat. Alde batean, antzezlanaren logoa osatzen duen irudia. Beste aldean, galdera bat: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”. 

Buruari bueltaka sartu naiz aretora. Oholtzan, pantaila bat, mahai bat eta bi aulki. Mahai gainean zenbait objektu. Heldu dira aktoreak. Aulkietan eseri, eta fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausoan arituko direla jakinarazi digute berehala. Benetako izenez aurkeztu dira, eta konferentzia performatibo baten aurrean gaudela azaldu digute. Intza Alkain eta Javi Barandiaran dira, Metrokoadroka sormen laborategiko kideak. Joan Mari Torrealdai bekari esker garatu dute proposamen artistikoa. 

Azaldu dute abiapuntua: “Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, baina bai intelektualki”. Joan Mari Torrealdaik horrela deskribatu zuen Euskaldunon Egunkaria itxi eta artxibo guztiak lapurtu zizkiotenean izan zuen sentipena. Sentimendu horiek abiapuntutzat harturik jaio da antzezlana. Biluztasun esplizitua eta haragiaren bueltako zenbait hausnarketa eta eszena bildu dituzte, eta Torrealdairen obraren eta ekarpenaren zertzeladak ere aletu dituzte. 

Esperimentuen emaitzari gehitu dizkiote bizipen pertsonalak. Intzaren izeba eta Javiren aita; horiek izan dira, nolabait, protagonista. Intzaren izebak koaderno karratudunak erosi eta orri bakoitzeko karratu bakoitza X batekin markatzen zuen. Orduak igarotzen zituen horretan, eta zenbakaitzak dira banan-banan marraztu dituen laukiak. Javiren aitak, berriz, banketxe batekin zorra zuen, eta hil ondoren ere hango langileak egunero egunero deitzen zuen Javiren etxera aitaz galdezka. Beraien artxibategietako orri bana erakutsi digute, memoria indibiduala biluztuta memoria kolektiboa betetzeko. 

Bukaeran argitu digute obraren hasieran luzatu diguten galdera nola erantzun. Kartulinetako bat aretotik ateratzerakoan topatuko dugun kutxan sartzeko gonbita egin digute. Bigarren alea gorde, eta etorkizunean Torrealdairen liburu baten sar genezakeela iradoki digute antzezleek. Horrela ariketak bi zentzu hartzen ditu: memoria indibidualari garrantzia eman diote memoria kolektiboa eraikitzeko baliagarria delakoan. Hala egin dute beraiek oholtzan, eta hala egin zuen Torrealdaik. Biluztu ditzagun gure memoriak, gure herriaren memoria janzteko. Eta zuk, zein istorio nahiko zenuke historiara pasatzea?