argia.eus
INPRIMATU
Memoria historikoaren lege proposamena eztabaidatzeari atea itxi diote EAJ, PSE eta PPk
  • Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk aurkeztutako ekimenak ez du aurrera egin, EAJk, PSEk eta PPk hura tramitatu eta eztabaidatzeko aukeraren kontra bozkatu ondoren. Hala, Elkarrekin Podemosen babesa ez du nahikoa izan koalizio abertzaleak oroimen historikoaren inguruan dagoen “araudia bateratzeko” asmoa aurrera ateratzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko otsailaren 08a
Arazandiko kideak eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuko ordezkariak Zeanuri, hainbat milizianoren hezurrak lurpetik ateratzeko unean (Argazkia: Gogora)

Frankismoaren biktimak aitortu eta ordaina emateko lege baten beharra azaldu du Eusko Legebiltzarrak, baina oraingoz ez da halakorik izango. Hemizikloko indarrak ordezkatzen dituzten alderdi politikoak ez baitira ados jarri horretaz eztabaidatzeko ere.

EH Bilduk karpetan eraman duen proposamenak 45 artikulu ditu eta frankismoaren biktimak, fusilatuen senideak, torturatuak izan zirenak, esklabo lana egin zutenak edo haurra desagerrarazi zietenak kontuan edukitzeko daude zuzenduta horietako asko. Besteak beste, 250.000 eta 500.000 euro arteko indemnizazioak ere aurreikusten ditu proposamenak 1959 eta 1978 urte arteko biktimen kasuan; horiek baina txikiagoak 1959tik atzerako biktimentzat, haiek 2beste dekretu batzuen" aitortza ere jaso dutelako jadanik, Julen Arzuaga koalizioko parlamentariaren esanetan.

Eusko Jaurlaritzak jadanik emana zuen proposamen horren inguruko kontrako iritzia, Gogora Memoriaren institutuaren diagnostiko baten ondoren halako lege bat eztabaidatzea begi onez ikusi zuen ordea. Orain EAJk eta PSEk tramitea hastearen aurka bozkatu dute. Iñigo Iturralde parlamentari jeltzalearen ustez “propaganda” besterik ez da eta “bideraezina” iruditzen zaio halako lege bat aurrera eramatea. PSEk zalantza gehiago izan ditu, bere ustez “beharrezkoa” baita Memoria Historikoaren lege bat edukitzea, baina “adostasun” maila eskasa ikusita kontra bozkatu du, Rafaela Romero ordezkari sozialistaren hitzetan. PPko Carmelo Barriok alderdi horren ohiko argudioa erabili du, zauriak irekitzea dakarrela eta “haustura” sortzen duela jendartean.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos oso kritiko azaldu dira gainerako alderdiekin. PSEri “kotraesanean” erortzea egotzi dio EH Bilduk eta EAJri biktimei “tranpa” egitea. Elkarrekin Podemosek harridura azaldu du legea eztabaidatzea ere ez dutelako utzi, nahiz eta horren ondorioz EH Bilduren proposamenari aldaketak egiteko aukera egon zitekeen.