argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute
  • Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik eraikina mantentzeko egindako akordioa.

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 20a
Erorien Monumentuaren eraistea eskatu dure 3.000 lagunek Iruñean Ahotsa

33 elkarte memorialistek, hainbat kolektiborekin batera, mobilizazioa egin dute Iruñean, Eroritakoen Monumentuaren esanahi berria gaitzetsi eta horren eraistea galdegiteko. 3.000 pertsona bildu dituen martxa monumentuaren aurrean hasi zen, non Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneral frankisten gorpuzkiak hainbat hamarkadatan egon diren hobiratuta, duela zortzi urte bertatik atera ziren arte. Manifestariek kritikatu dute PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik eraikina zutik mantentzeko egindako akordioa ez dela nahikoa.

Yolanda Ansó bozeramaileak monumentua eraitsi egin behar dela azpimarratu du, are gehiago Francoren heriotzaren 50. urteurrenean. “Opari handia izango litzateke herritarrentzat; legeak gizakienak dira eta alda daitezke”, adierazi du Ansók, eta PSN, EH Bildu eta Geroa Bairi erabakia zuzentzeko eskatu die.

Bestalde, Koldo Amatria eledunak azpimarratu du eraikinak “frankismoaren ikur izaten jarraitzen duela, nahiz eta elementurik ikusgarrienak kendu”. Azaldu duenez, duela 20 urte bere kanpoaldea estali eta erakusketa areto bihurtu zen, "baina inork ez du horrela ezagutzen", arazoa eraikina bera delako, bere esanetan. Bozeramaileak adierazi duenez, Rozalejoko Markesaren Jauregiak, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokiak, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena izan dezake". Izen hori bera Eroritakoen Monumenturako erabiltzea ukatu du, horrek “Mola eta Sanjurjoren izenak errepresioa pairatu zuen haur batena ordezkatzea suposatuko lukeelako”.

Manifestazioa Gazteluko Plazan amaitu da, hainbat artistaren musika emanaldiekin. Besteak beste, Fermin Balentzia, El Drogas, Ilargigorri eta Faltzesko txalapartarien kontzertua izan dira.