argia.eus
INPRIMATU
Memoria historikoa berreskuratzeko Nafarroako herrien koordinakundea aurkeztu dute
  • "Amapola del Camino" da otsailaren 28an aurkeztu zuten 47 herri nafarrek osatzen duten koordinakundearen izena. 100 pertsona inguru hurbildu ziren Sartagudara proiektua sostengatzera. Memoria historikoa berreskuratzeko Nafarroa osoan ekimenak antolatuko dituzte.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 06a

Proiektu anitza izatea dute helburu koordinakundeko kideek: “Memoria historikoa berreskuratzeko lan espazio bat izatea nahi dugu, gai honen inguruan herri ezberdinetako pertsonak elkartuko dituena”.

Erakunde erradikaltzat definitzen dute koordinakunde berria, sustraietatik hasita eta antolaketa erradikal baten bitartez arazoei aurre egin nahi diena, alegia: “Biktimendako egia, justizia eta ordaina lortzeko, alde batetik; eta kriminalak zigortzeko, bestetik, etenik gabe borrokatuko dugu”.

Memoria historiko demokratikoaren berreskurapena lortzeko neurri juridiko, ekonomiko, sozial, zientifiko-kulural eta politikoak beharrezkoak direla nabarmendu dute. Horien artean, hil zituzten pertsonen gorpuen lokalizazioa zein den jakiteko neurriak har daitezela eskatzen dute; baita Nafarroako Memoria Demokratikoaren Dokumentazio Zentroa martxan jartzea ere.