Eusko Legebiltzarrak gehiengo oso handiarekin onartu zuen asteazken honetan memoriaren esparruan aurrerakada esanguratsuak dakarren legea. EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin, eta PP, Ciudadanos eta Voxekoaren kontrakoekin.
EAJk eta PSEk oinarrizko proposamena eginda, duela bi urtetik aritu dira lanean legearen bueltan, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen ekarpenak onartuta, azkenean aurrera egin du frankismoaren garaiko errepresaliatu guztiak aintzat hartzea egia, memoria, aitortza, justizia eta ez errepikapenaren printzipioen arabera. Hona hemen legeak biltzen dituen hainbat esparru, Eusko Jaurlaritzako Irekia.eus agerkariak zabaldutako informaziotik jasota.
Biktimak: errolda, kalte ordainak eta eguna
Biktimak banaka eta modu pertsonalizatuan kontuan hartuko ditu legeak, printzipio eta askatasun demokratikoen alde borrokatu ziren erakunde politiko eta sindikalak, dokumentu ofizial baten bidez. Biktimen oroimenez urtean egun bat egingo da. Legeak aurreikusten du, halaber, konponketa-neurri guztiek biktimei eskaintzen dieten estaldura-maila aztertzea eta ikusitako defizitak eta horiek zuzentzeko aukerak adieraztea.
Gogora
DNA bankua sortuko da Gerra Zibileko desagertuak identifikatzeko. Baita Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroa ere. Gogoragunearen etorkizuneko erakusketa-gunea ere aurreikusten du Legeak (gaur egun, obren lizitazioa ebazteko fasean dago), baita EAEko erakusketa-guneen sarea ere, memoria historiko eta demokratikoaren pedagogiara eta sozializaziora bideratutako bi ekimen.
Lantalde zientifikoa
1936tik eta 1978ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako giza eskubideen urraketak ikertuko ditu taldeak, eta Giza Eskubideen Urraketen Oinarrizko Txostena egingo du.
Isunak
Legeak memoria historikoaren eta biktimen duintasunaren kontrakotzat jotzen du 1936ko estatu-kolpea eta frankismoa, eta isunez zigortuko du haren agintariak edo diktaduraren oinarri izan ziren erakundeak gorestea, bakarka nahiz taldean. Arauak 150.000 euro arteko zehapenak ezartzen ditu arau-hauste larrienetarako, hala nola, hilobiak edo ikerketa agiriak suntsitzea.
Aholku Batzordea
Erakunde memorialisten kontsulta- eta partaidetza-organo gisa, elkarte-erakundeen direktorio bat abiaraziko da, eta Euskadiko Memoria Historikoaren Leku, Ibilbide eta Espazioen Katalogoa egingo da.