argia.eus
INPRIMATU
Memoria egunean Esan ertzainen sindikatuak eskatu du Rosa Zarra ez aitortzea poliziaren biktima gisa
  • Martxoan Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak ondorioztatu zuen Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela. Ordura arte, Ertzaintzak beti uko egin zion bertsio horri eta garai hartako Segurtasun sailburu Juan Mari Atutxak gaixotasunaren ondorioz hil zela defendatu zuen. Ofizialki Ertzaintzaren biktima gisa aitortuta dagoen arren, Esan-ek Atutxaren errelatoa berretsi du, eta ertzaintzaren aurkako "iraintzat" hartu du omenaldia.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko azaroaren 12a
Esan sindikatua da Ertzaintza barneko bigarren sindikatu handiena hogei ordezkarirekin. Esan

30 urteren ostean omendu zuten Rosa Zarra larunbatean, eta  Donostiako Udalak plaka bat jarri zuen hil zuten lekuan. Idoia Irazustak, Zarraren alabak, egun garrantzitsutzat jo zuen instituzioek eginiko lehen omenaldia. Hala ere, berretsi zuen familiak beharra duela Jaurlaritzak onar dezan orain arte "gezurra esan" dutela, beste bertsioa defendatuz. Esan ertzainen sindikatuak ukatzen jarraitzen du Rosa Zarra pilotakada baten ondorioz hil zela, eta larunbatean jarritako plaka erretiratzea “exijitu” du.

Memoria egunarekin batera komunikatua zabaldu zuen sindikatuak astelehenean. Ertzaintzak hildako biktima gisa aitortzea baliogabetzeko eskatu dute, epai judizialik ez dagoela esanez. Omenaldiak ertzainei “irain” egiten diela esan du eta "euskal polizia kriminalizatzea" helburu duela kritikatu. “Bulego politiko batetik orain kontrakoa egin nahi izatea historia faltsutzea eta Euskadiren alde bizitza eman duen polizia-gorputz baten osotasunari eraso egitea da”, azpimarratu dute. Egun berean Zarraren familiak duela urte batzuk jarritako plaka zikinduta agertu zen. Jon Insausti Donostiako alkate berriak eta Eusko Jaurlaritzak berretsi dute Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak esandakoa, eta sindikatuan gogorarazi diote batzorde horrek ziurtatu duela pilotakada baten ondorioz hil zela.

Ertzaintzaren biktima gehiago omenaldian

Rosa Zarraren omenaldian familiaz gain Ertzaintzaren beste biktima batzuk ere egon ziren: Iñigo Cabacas Bilbon Ertzainak pilotakada batek hil zuen gaztearen ama Fina Lizeranzu; Xuhar Pazos, Tolosan Ertzaintzaren foam jaurtigailu batek begi bateko ikusmena kaltetu zion gaztea; Aritz Ibarra; urriaren 12an Falangearen elkarretaratzean Ertzainaren foam jaurtigai batek masailezurra hautsi zion gaztea; Amaya Zabarte, Reala-PSG norgehiagokan Ertzaintzak kalte neuronalak eragin zizkiona; eta 2004an Hernanin Ertzaintzaren karga batean bihotzekoak jota hil zen Kontxi Sanchizen iloba.

Biktima guztien izenean, Pazosen aitak egia, aitortza eta justizia eskatu ditu, berriro gerta ez dadin. Berretsi du Ertzaintzak biolentzia erabiltzen jarraitzen duela “inpunitatez” eta “naturaltasunez”. Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio neurrigabekerien aurrean isilik egotea.