argia.eus
INPRIMATU
Meirásko jauretxea iruzurra eginez eskuratu zuen Francok
  • Francisco Francok aurreko etxeejabeekin akordio bat asmatu zuen, Galizian atsedenerako erabiltzen zuen kokalekua eskuratzeko. Espainiako Gobernuak notaritzako akta hori erabili nahi du orain diktadorearen oinordekoei eraikina eskatzeko.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 11
Meirásko jauretxea esku publikoetara itzularazteko eskaera gero eta handiagoa da. Irudian, 2017ko ekintza.

Iruzurra eginez eskuratu zuen Francok Galizian zuen Meirásko pazo edo jauretxea. El País egunkariak kaleratu duenez, Espainiako Estatuko Abokatutzak 1938ko notaritzako akta bat aurkitu du engainua azalerazi duena, eta hori erabiliko du diktadorearen familiari eskatzeko itzuli dezala eraikin baliotsua.

Akta horretan azaltzen da aurreko etxejabeak, Emilio Pardo Bazanek, A Coruñako jende esanguratsu batek osaturiko batzorde bati saldu ziola jauretxea 400.000 pezetaren truke. Baina handik hiru urtera, eraikina berriz saldu zion diktadoreari etxejabe berak, kasu honetan 85.000 pezetaren truke. Abokatutzaren esanetan, bi kontratuetako bat faltsua da beraz, eta Francorekin sinaturikoa dela nabarmen uzten du orain eskuraturiko aktak.

Galiziako Parlamentuak iaz ofizialki eskatu zion Espainiako Gobernuari eraikina ondasun publikora itzuli zezala eta Francoren familia erabiltzen ari den "amarru legalak" ere salatu zituen, BNGren eskariz.

Meirásko pazo-a herritarren eskura itzularaztea frankismoaren kontrako eta oroimenaren aldeko borroka sinbolikoa bihurtu da. 2017an hainbat lagun sartu ziren jauretxen protesta egitera eta horren ondorioz urte askotako kartzela zigorra eskatu dute haientzat diktadorearen ondorengoek eta Francisco Franco fundazio filofaxistak.