argia.eus
INPRIMATU
“Mehatxatuak” Euskal Herrira itzultzeko neurriak bultzatuko ditu Jaurlaritzak
  • Eusko Jaurlaritzak iragarri du uztaila baino lehen aldatu egingo duela Terrorismoaren Biktimen Aitorpen eta Erreparazio Legea, "ETAren indarkeriaren beldurrez edo mehatxuz" EAEtik "ihes egin zuten" herritarren itzulera bultzatzeko.

2012ko martxoaren 15

Jaurlaritzak proposatutako neurrien artean daude itzuli nahi dutenei etxebizitza publikoa eskuratzeko erraztasunak ematea, prestakuntza edo enpleguan laguntzea eta seme-alaben hezkuntzan laguntzea. Horretarako, "terrorismoaren presioagatik" alde egin zutela frogatu beharko dute.

Hauteskundeak

Indarrean den legeak ez ditu itzuli nahi duten herritarren kasuak aintzat hartzen. Legea aldatuko balitz, herritar horiek Legebiltzarrerako hauteskundeetan bozkatzeko aukera izango lukete. Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek adierazi duenez, ordea, Jaurlaritzak ez du bultzatuko itzultzeko asmorik ez duten herritarren boto eskubidea, Espainiako Kongresuari dagokiolako hauteskunde erregimeneko legea aldatzea.

Kopuruarekin bueltaka

Aipatu neurriez zenbat herritar baliatuko diren galdetzean, Jaurlaritzak ez du kopuru zehatzik eman nahi izan, baina adierazi du "askoz ere gehiago" direla orain bizi diren lekuan jarraitzeko asmoa dutenak, itzultzea nahi dutenak baino.