137.000 pertsonatik gora iritsi dira Europara urteko lehen seihilekoan, NBEren errefuxiatuentzako agentziaren (ACNUR) arabera. 2014ko datuekin alderatuta, %83ko igoera egon da.
Migrantzaileen gehiengoa gerra edota jazarpen arazo handiko herrialdeetatik iritsi da, hala nola Siriatik (%34), Afganistandik (%12) edo Eritreatik (%12). Grezia eta Italia dira errefuxiatu gehien jaso dituzten herrialdeak: 68.000 inguru pertsona iritsi dira hauetako bakoitzera.
Beren jatorrizko herrialdeetatik atera diren migratzaile guzti hauek Mediterraneo itsasoa zeharkatu dute, beren burua arriskuan jarriz. ACNUR agentziak gogorarazi du 2015eko apirilean inoizko heriotza tasarik handienak izan zirela Mediterraneoko itsasoan: 1.308 pertsonek bizia galdu zuten edota desagertutzat jo ziren. Zenbaki hau iazko apirilekoa baino 42 aldiz handiagoa da.
Maiatza eta ekainean nabarmen egin dute behera itsasoan gertatutako migratzaileen heriotzek. NBEko errefuxiatuentzako goi mandatari Antonio Guterresek adierazi du heriotzen jaitsiera hau “politika egokien eta erantzun operatibo eraginkorren” erakusle dela. Europar Batasunak ekainean inmigrazioa gelditzeko abiatutako operazio militarrak kritika ugari jaso zituen, ordea. Legez kanpoko inmigrazioa galarazteko flota militarra mugiarazi zuen Europak operazioan.
Guterresek esan duenez, azken datu positiboekin tentuz ibili behar da: “Adi egon behar gara, Mediterraneoa zeharkatzen jarraitzen duten milaka errefuxiatuentzat arriskuak hor jarraitzen du eta”.