Medikuntza karrera, ona ala euskalduna?

  • “Nik ez dut nahi euskaraz dakien mediku bat, medikuntzaz dakien bat baizik”. Zenbat aldiz entzun ote dugu esaldi hau, horren tranpatia den esaldi hau. Badirudi baldintza biak betetzea ezinezkoa dela. Jakintza gehiegi izango dira pertsona bakarrarentzat agian, medikuntza eta euskara. Ezinezkoa zeharo.


2015eko martxoaren 09an - 12:01
"MIR azterketa gaztelaniaz izanik, euskaraz ikasteak ikasleon emaitza akademikoa kaltetzen du".

Hainbat urtetan saldu digute aitzakia hau, gure osasun sistema euskalduntzeko beharra ikusten dugunoi ahoa itxi nahian. Nolabaiteko prestigio-kentze kanpaina baten gisara ulertzen dut nik, norbere osasuna arriskuan ikustearen beldurraz baliatu eta gizarteari mediku euskaldunen beharra dagoela zalantzan jartzeko. Hala ere, prestigio-kentze kanpaina hau ez da medikuetara soilik mugatzen, tamalez. Medikuntzako ikasle euskaldunok ere mespretxuzko erasoak jasan behar izaten ditugu oso maiz.

Medikuntza ikasketak euskaraz errazagoak direla egozten digute, besteak beste, gaztelaniazko ikasle eta irakasle batzuek; gure prestakuntza medikua kaxkarragoa dela hitz-erdika esanez eta gizarteari ere hori sinetsaraziz. Nire zalantzak dauzkat salaketa hauek ezjakintasunak eragindakoak diren edo oso garbiak ez diren beste tankera bateko interesak dauden guztiaren atzean. Zalantzarik sortzen ez duena euskarazko medikuntza ikasketei ospe hau ematearen ondorioa da. Aztertzen hasiz gero, segituan konturatuko gara nolako kaltea sortzen ari garen osasun sistemaren euskalduntze prozesuari halako mitoak sinetsita. Eskolaratzea eta batxilergoa euskaraz egin dituzten ikasle asko eta askok medikuntzako matrikula gaztelaniaz egiten dute. Ondorioz, eskolan eta institutuan lortutako euskara maila galtzen dute eta mediku izatera iristean elkarrizketa bat euskaraz mantentzea ezinezko suertatzen zaio hainbati.

Euskaraz jakinda gaztelaniaz ikasteko hautua egiten duten ikasleek hainbat zalantza izaten dituzte matrikula egiterako orduan. Euskaraz ala gaztelaniaz ikastea aukeratu behar dutenean zenbait mitorekin topo egin eta azkenean erdaraz ikastea erabakitzen dute. Euskarazko irakasleak txarragoak direla entzuten da; ikasmateriala kaxkarra dela; prestakuntza gaztelaniaz hobea dela; ikasgai batzuk gaztelaniaz egin behar direnez, hasieratik dena gaztelaniaz egitea logikoagoa dela; MIR azterketa gaztelaniaz izanik, euskaraz ikasteak ikasleon emaitza akademikoa kaltetzen duela…

Egia da batzuetan euskaraz ikasteak zailtasun gehigarriak jartzen dizkigula ikasleoi, diglosia egoera bizi duen hizkuntza izanik erraztasunik ez baitago. Hala ere, ulertezina eta onartezina egiten zait gure ikasketak zalantzan jartzea. Ez da egia euskaraz ikasten dugunok prestakuntza eskasagoa dugula, inondik inora ere ez. Horren adibide garbi ditugu azken egunetan argitaratu diren aurtengo MIR azterketako behin-behineko emaitzak. 12.000 mediku baino gehiago aurkeztu ziren prestakuntza espezializatuko postu bat lortzeko egiten den estatu mailako azterketa honetara eta lehenengo hamar postuetan EHUn euskaraz ikasitako bi ikasle daude. Hau da, estatu espainiar osoko lehenengo hamar postuetako %20 euskaraz ikasi duten ikasleek bete dituzte. Gure prestakuntza horren txarra ez denaren seinale.

Gure inguruan urteetan zehar euskararen aurka eraikitako mito ugari daude eta hauek suntsitu beharra dago.  Mediku euskaldunak behar ditugu osasun sistema elebiduna lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu, eta horretarako euskaraz ikastera animatu behar ditugu ikasleak. Mitoak mito dira, besterik ez. Euskarazko ikasketak gaztelaniazkoak bezain onak dira eta prestakuntza berbera da, desberdintasun batekin: “Medikua, ona ala euskalduna?” galderari, “medikua, ona eta euskalduna” erantzun ahalko diogu guk, medikuntza euskaraz ikasten dugunok.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude