argia.eus
INPRIMATU
Medikuntza eta Odontologiako ikasleei
  • Joan den astean Leioako Medikuntza Fakultateko 112 ikaslek itxialdia egin dute protesta egiteko, hain zuzen ere EHUko agintari akademikoek borondaterik ez dutelako medikuntza irakaskuntza herrialde honetako hizkuntza ofiziala ere baden horretan eskaintzeko, euskaraz alegia.

IƱigo Jaca Arrizabalaga 2015eko otsailaren 19a

Horren zergatia ulertzeko, 10/1982 Euskararen Normalizazio Legea aldarrikatu eta hogeita hamabi urtera, bide bakarra dago, komunitate gaztelania-hiztunak euskal hiztunen komunitatearekiko duen inposatze eta azpiratze gogo etengabekoaz jabetzea.

Eta inposatze horren euskarririk nabarmenenak Medikuntzako Fakultatea eta Osakidetza dira, zalantzarik gabe. Aipatutako 10/1982 legeak esaten zuen aplikatu ahal izateko arauak garatu behar zituela eta osasun arloari dagokionez Eusko Jaurlaritzak 21 urte itxaron zuen. Ez al da epe luzeegia hura errugabe izan dadin? Hori izan zen euskal hiztun diren hiritarrek jasan behar izan zuten tunel beltza, gobernu haien osasungintzan, izan ere ez baitzen beharrezko dekretua 2003ra arte atera.

Sekula ez da lortuko euskara normalizatzea, euskal hiztunen bizitzako arlo publiko guztietan bere tokia ez badu, zeren ez baitugu ezer egiten seme-alabak ikastolara bidaliz, baldin eta Osakidetzan medikuarengana doazenean edo unibertsitatera, hitz edo ikasi gaztelaniaz egin behar badute.  Arlo horiek murriztea da euskararen etsaiek erabiltzen duten metodoa, hizkuntza azpiratzeko, baztertzeko, ezkutatzeko eta deuseztatzeko.

Protestan ari diren ikasleek bizi duten arazo honen arrazoia unibertsitatea endogamikoa izatea da. Lehentasuna eman zaie gaztelania-hiztunen interesei, eta ez, lege-arauak errespetatzeari, gobernuak eta erakunde publikoak hizkuntza ofizialak, euskara hala baita,  bultzatzera derrigortzen dituzten Europako legeak eta arauak errespetatzeari.

Agur bat bidaltzen diet medikuntza eta odontologiako ikasleei, eta animatzen ditut aurrera egin dezaten borrokan, euskarak medikuntzan ere har dezan irakaskuntzarako eta ikerketarako behar duen lekua, hala baitagokio hizkuntza bizi orori, eta exijitu ditzagun, denon artean,  hizkuntzan ere gai diren irakasleak. Eta demagogoei esan iezaiezue, gaur elebidun eta sonatu izan nahi duen edozein unibertsitatetan, klaseak ingelesez eta bertako hizkuntzan ematen direla. Zuei ez dizuete irakasten ez zuen hizkuntzan eta ez nazioarteko interesa duen hizkuntzan. Eutsi goiari!

Iñigo Jaca Arrizabalaga medikua da.