Aurten ere, ozen mintzatu dira ikasleak EHUko Medikuntzako graduazio ekitaldian. Euskarazko ikasketak aldarrikatzeaz gain, praktiketan ikasleek maiz jasotzen duten tratu txarra eta emakumeek jasan behar izaten duten matxismoa salatu dute (bideoa albiste bukaeran).
Ane Negueruela lazkaotarrak hartu du hitza, gainerako ikasleen izenean. Ikasketetan lagundu dieten guztiei eskerrak eman ostean etorri da kritika: praktikak egin bitartean “ospitalean altzari moduan tratatu gaituzuenak” aipatu ditu, “askotan mingarria” izan dela azpimarratuz.
“Mediku on eta euskaldunak gara!” aldarrikatu du Negueruelak. Hizkuntzari dagokionez, baina, “Vitorian ez dago zer ospatu, Bizkaian dagoenean on eta ez dagoenean hor konpon, eta Donostian ereiten jarraitu behar, uzta jasotzeko”. Fisioterapiako eta Odontologiako ikasleak ere kexu agertu ziren, ikasketak euskaraz egiteko dauden zailtasunak direla-eta.
Bestelako “zauriak eta gabeziak” ere zerrendatu ditu ikasleak. Hala nola, medikuntzan emakumeak gehiengoa izan arren, gutxiengo sentiarazten dituztela adierazi du, “¿y dónde está el médico?” gisako galderekin.
“Izan dadila azkena, txotxongilo garena”, bukatu du Negueruelak. Ikusi bideoa (Iker Agirre bidez):