Gehiegizko lan erritmoari egotzi dizkio tratu txarrak Mauleko hiltegiko zuzendariak

  • L214 elkarteak zabaldutako bideo batean ikus daitezke Mauleko hiltegiko abereek jasandako tratu txarrak. Animalien aurkako gehiegikerien kontra dagoela adierazi eta "hurbileko hiltegien beharra" azpimarratu du ELBk.


2016ko martxoaren 30an - 10:05

Hautsak harrotu ditu animalien babeserako L214 Frantziako elkarteak interneten zabaldutako irudiak. Mauleko hiltegiko abereen aurkako tratua ikus daiteke irudietan: animaliak karga elektriko batekin zorabiatzen dituzte, edota zintzilik odolusten ari diren arkumeak ere erakusten ditu bideoak, besteak beste. Le Monde egunkariak kaleratu du bideoa: (oharra: irudiak oso gogorrak dira).

L214k salaketa jarri du Paueko auzitegian “animalienganako krudeltasuna” eta “tratu txarrak” egotzita, eta prokuradoreak ikerketa jarri du martxan gertatutakoa ikertzeko.

Frantziako Gobernuak ere esku hartu du dagoeneko. Stephane Le Foll Frantziako Laborantza ministroak gertakariak kondenatu ditu ohar baten bidez, eta hiltegia ixteko agindu dio prefetari. Era berean, hilabete batez hiltegi guztietan ikuskatze bereziak egiteko agindu du.

Hiltegiko zuzendaria “etsituta” dago, Le Monde egunkariari adierazi dionez: “Adi egoten naiz hiltegian, hiltze baldintzak hobetzen saiatu naiz urteetan, eta, buelta ematen dudanean, langileek abereak jotzen dituzte”. Laneko erritmoa da gertatutakoaren erantzule, zuzendariaren ustez: “Bi astez 15.000 arkume hil behar dira Pazkorako. Lasaiago lan egin izan bagenu, ez litzateke horrelakorik gertatuko”.

Tresna beharrezkoa etxalde txikientzat

ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak argi utzi du animalien aurkako tratu txar eta gehiegikerien kontra dagoela.

Sindikatuak azaldu du arduradunak zein diren argitu behar dela –bi langile kanporatu dituzte dagoeneko–, eta langileak formatzeko beharraz mintzatu da, “baldintza duinekin eta hiltze erritmo egokituekin lan egiteko”.

"Hurbileko" hiltegien kontrako ataka “maltzurtzat” jo du sindikatuak gertatutakoa. "Zerikusirik ez duten” bi sistemaren artean nahasketa sortzen dute gertakari horiek, sindikatuaren iritziz: “Talde handietako hiltegiek gaina hartuko diete lekuko laborariei”.

Egoera laster konpontzeko eskatu du sindikatuak: “Tresna kolektibo hau behar-beharrezkoa da Zuberoako eta barnealdeko etxaldeendako”. 33 langile ditu Mauleko hiltegiak, eta 3.000 tona haragi biltzen dituzte urtero; Zuberoan hazitakoak dira %40.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Animalien eskubideak
Animalien askapena EHUn ikergai

Antiespezismoa akademiara hurbiltzeko asmoz zenbait ikertzaile eta ikasleren artean ‘Animalia ikasketa kritikoen EHU/UPVko I. kongresua’ antolatu dute martxoaren 20tik 22ra Leioan. 


2023-09-06 | ARGIA
1.761 ekitalditan zezenak erabili dituzte Hego Euskal Herriko festetan

Herriko festetan, zezenak erabiltzen dituzten ekitaldietan udalek zenbat diru gastatzen duten ikertu dute AnimaNaturalis eta CAS International elkarteek. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Azkoien eta Azpeitia nabarmendu dituzte.


Eguneraketa berriak daude