argia.eus
INPRIMATU
Match
Gorka Intxausti Aranguren 2025eko abenduaren 4a
Gorka Intxausti Aranguren

Putas Amak + Gori Gori 

Non: Zuiako Gaztetxean.
Noiz: Azaroaren 23an.

------------------------------------

Esnatu eta etxean txitxirio eta salda usaina dago jada, sua piztuta barruan eta hotz kanpoan. Goizeko bederatziak dira. Igande arrunta balitz, goiz genbiltzake oraindik. Hamarretan gaztetxean dugu kedada ordea, eta bateko eta besteko, esan dezagun kortesiazko bost minutuak etxetik gaztetxerako bideari oparitu beharko dizkiogula.

Gori Gori eta Putas Amak taldeak Zuiako Gaztetxean arituko dira gaur, Hil da Laboak noizean behin antolatzen dituen domeka eguerdiko formatu berezian. Ezohiko ordutegi horrek, noski, ohikoetan egon ezin izaten den jendea erakartzen du, eta bestelako giroa sortzen. Inkognita da, beraz, gaur hemen zer gerta daitekeen. Hamabietatik aurrera iritsi da jendea eta salda, txorizo, tortilla eta gilda artean pasa du kontzertuak hasi artekoa, mezatatik bueltan herriko txokoan nola. 

Unea iritsi denean, Egiako hiru nobiak igo dira aldarera. Kantu bat behar izan dute beloa burutik kentzeko. Cuidado, peligro. Jarrera punki eta probokatzailea hasieratik. Nork esango luke proiektu hau haur-parke baten bueltan jaio zela? Nork pentsa lezake beste nonbait jaio zitekeenik? Bizitzako fase horrek dakarren pisua, ama eta beste ezer ez izatearen zama, noren eta ez nor izatearena, hori guztia, oholtzara. Bestelako amatasun baten apologia dute entzuleek begi-belarrien gozagarri. Izan adinagatik, izan bizi-hautuengatik, begira daudenetako askok partekatzen dituzte egunerokotasunean gai eta kezka horiek. Gutxitan dute hartzen, ordea, halako lekuetan erdigunea. Bada, ospatzeko, barre egiteko, oihukatzeko eta lasai haserretzeko kontzertu bat izan dute gaur. Hausnartzeko, besteok. Norentzat antolatzen ditugu kontzertuak?

Lehena bukatu denean elkarrizketa interesgarriak sortu dira galdera horren harira. Hori eta harridura izan dira nagusi, nahiko ezohiko kontzertua iruditu baitzaie batzuei. Gustukoa, halere. Prestatu bigarrenerako.

Ainara eta bere soineko gorria, Ander eta txanoa eta Manu oholtzaratu eta ezer esan gabe hasi dira. Hauen letrak ere probokatzaileak eta bizarro samarrak dira eta iruditeria ere asko zaintzen dute. Denetara egokitzen direnaren zalantzarik ez dut, batere, baina esango nuke aurreko egunean Oreretan Lin Ton Taun taldea ikustera joandakoekin baino konexio hobea sortu dela hasieratik. Eta hori, ez nintzela egon. Egia da beraiek ere ez dutela oso erraz jartzen. My grandma is a horse. Temazo, baina... Gauzak are gehiago bizarrotzeko, azken aldian entzuleen eta taldearen arteko harremana garatzen ari dira saiatzen, kontzertuak parte hartzeko espazio bihurtu nahian. Ez da, berez, ezer berria: hainbatetan ikusi ditugu abeslariak jende masak banatu eta pogo beldurgarri edo dibertigarriak sustatzen, esaterako. Hauenean ikusleak landare bihurtu dira, jendea suge eta igande goiza, gau. 

Zeinen zoologiko ederra gurea.