Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.
Brian Eno, Fontaines DC eta Kneecap bezalako beste artista batzuekin batera, Massive Attack taldeak iragarri du musikarien aliantza bat sortuko duela. Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren aurka hitz egiten ari diren eta jazarpen eta zentsura kanpainak pairatzen ari direnei laguntzeko izango da. UK Lawyers for Israel (UKLFI) bezalako erakundeen erruz jasaten ari diren mehatxu, presio eta kontzertuak bertan behera uztea salatu dute.
Taldeek adierazi dute aliantzaren helburua beren bidea hasten edo egoera ahuletan dauden musikariak babestea dela. The Guardianen elkarrizketa batean adierazi dute Palestinako egoerari buruz askatasunez hitz egin nahi duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi dietela.
Bob Vylan rap abeslaria halako egoera bizitzen ari da. BBC-k zuzenean ematen duen Glastonbury festibalean, kantu eta kantu artean, Palestinarentzat askatasuna eskatu eta milaka zibil hiltzen ari diren militar israeldarrentzat heriotza oihu egin zuen. Azpian ikus daiteke:
Israelen aldeko UKLFIk salatu eta ondoren haien kontzertu asko bertan behera utzi dizkiete.
Massive Attackek eta bere aliatuek salatu dute musikaren industrian gero eta zentsura handiagoa dagoela, agenda politiko zehatzak dituzten kanpoko erakunde juridikoek bultzatuta.
Taldeak sare sozialen bidez ekimen horrekin bat egiteko deia egin die beste artistei honako eskaerak aldarrikatzeko: berehalako su eten iraunkorra, Gazarako sarbide humanitarioa murrizketarik gabe antolatzea eta Israeli armak esportatzeari uztea. Ezinbestekotzat jo dute isiltasuna haustea "genozidioaren" aurrean.