argia.eus
INPRIMATU
Maskaren erabilera derrigorrezkoa da Hego Euskal Herrian
  • Ostegunetik aurrera maskara jantzita edukitzea derrigorrezkoa da, bi metroko distantzia mantendu ezin den kasuetan. Araua betearazteko mekanismorik ez da zehaztu, beraz ikusteke dago poliziek nola betearazten duten.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 21
(Argazkia: Dani Blanco)

Asteazkenean publiko egindako Espainiako Aldizkari Ofizialak xedatzen duenez, maiatzaren 21etik aurrera eta alarma egoera indarrean egon artean, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da bi metroko distantzia gordetzea ezinezkoa denean.

“Bide publikoan, aire zabaleko espazioetan eta erabilera publikokoa den edo jendearentzat irekita dagoen edozein espazio itxitan”, soinean eraman beharko da maskara baldin eta ondoko pertsonengandik bi metrora mantentzea ezinezkoa bada.

Maskara erabiltzeko derrigortasunik ez dute izango 6 urtetik beherako haurrek. Arnasketa arazoak edo “behar bezala justifikatutako” bestelako osasun arazoak dituztenei ere ez zaie derrigortuko maskara erabiltzera. Horrez gain, zenbait ekintza burutzerakoan ere ez da derrigorrezkoa izango maskara jantzita izatea; kirola egiteko, kasu.

Maskararen erabilera derrigorrezkotzat jo bada ere, araua betearazteko mekanismo zigortzailerik ez da zehaztu. Hala bada, ikusi beharko da poliziek nola esku hartzen duten maskara jantzita ez daraman jendearen aurrean.