Israel eta Hamas negoziaketa betean dira, Trumpek proposatutako su-etenerako planaren harira. Ekialde Hurbileko zenbait hedabidek informatu dutenez, bahitu israeldarren trukean askatu behar dituen preso palestinarren izenen zerrendan jarri zuten Marwan Barghouti, baina Israelgo agintariek beren aldetik izen hori zerrendatik kendu dute.
Israelgo bahituekin trukatzeko, askatuko dituzten 250 preso palestinarren zerrenda argitaratu du Israelgo Justizia Ministerioak ostiralean. Zerrendan ez daude ordea, Al Jazeerak informatu duenez, kartzelan dauden figura politiko palestinar esanguratsuenak, erresistentziaren figura gisa ikusiak, hala nola, Marwan Barghouti, Ahmad Saadat, Hassan Salameh eta Abbas al-Sayyed.
"Une honetan, [Barghouti] ez da askatutakoen artean egongo". Horixe adierazi die kazetariei, hauek galdetu ostean, ostegunean Israelgo gobernuaren bozeramaileak, Middle East Eye hedabideak jaso duenez.
Palestinako delegazioak esan du ez dela adostasunik egon zerrendan. "Noizbait adostasun batera heltzen bagara, Presoen Media Bulegoaren plataformetan jakinaraziko dugu", esan dute Telegramen.
2004tik preso dago eta 2023ko urritik –Israelek Gazan abiatu zuen genozidioaren hasieratik– isolamenduan daukate. Fatah alderdiko buruzagi nagusietakoa da, Palestinako Aginte Nazionala (PA) kontrolatzen duen alderdia. Israelek helburu bihurtu zuen 2000-2005 bitarteko Bigarren Intifadan izan zuen rolagatik eta herritarren artean duen ospe onagatik.
Palestinarren artean egindako inkestek diote 66 urteko Barghoutik garaipena ziurtatua leukakeela Palestinako presidentetzarako hauteskundeak egingo balira eta aurkezteko aukera izango balu. Fatah alderdikoa izan arren, palestinarren batasunaren sinbolo gisa ikusten dute askok. Eta halako pertsona bat ez du kalean nahi Israelgo Gobernuak lan politikoa egin dezan.
Iaz, genozidio betean, eskuin muturreko Israelgo ministro Itamar Ben Gvir-en bisita izan zuen bere espetxeko ziegan. Bere irudirik publikoki ikusi gabe urteak zirela, israeldarrek zabaldu zuten 13 segundoko bideo laburra, non ministroak mehatxu egiten zion zuzenean, guda psikologikorako erabat prestatutako artefaktu komunikatiboan: "Ez duzue irabaziko. Israeldarren herriarekin jolasten duenak, gure haurrak hiltzen dituena, gure emakumeak hiltzen dituena, suntsitu egingo dugu", zioen. Barghoutik isilik eusten zion momentuari, bideoak ikusten denez.
Hamasek adierazi du lanean jarraituko duela bahituen trukean askatu beharreko presoen zerrendan egon dadin.