argia.eus
INPRIMATU
"Martxorako ematen digute hitzordua pediatrarekin"
  • Xandra Claveriak, Otxarkoagako bizilagunak, urrian jakin zuen ez dutela pediatrarik osasun etxean. Salatu du haurrek ez dutela arreta egokirik eta jarraipen medikurik jasotzen.

Olaia L. Garaialde 2023ko abenduaren 29a
Argazkia: Amuge elkartea

“Oso pozik geunden gure pediatrarekin maitasunez artatzen zituelako haurrak”. Hitz horiekin deskribatu du Otxarkoagako osasun etxeko pediatra Xandra Claveria Bilboko Otxarkoaga auzoko bizilagunak. Urrian umea osasun etxera eraman zuenean jakin zuen pediatrarik ez zutela: “Esan zidaten ezin zutela artatu ez zegoelako pediatrarik. Zilegi da pediatrak baja hartzea, baina ordezko bat hartu beharko lukete”.

Otxarkoagako osasun etxera joaten direnean erizainak artatzen ditu umeak, baina soilik gaineko behaketa egin diezaieke. Horrek ziurgabetasuna eragiten die pediatrak duelako azken hitza: “Jakin nahi nuen ea haurrak infekziorik zuen, eta erizainak esan zidan ematen zuela ezetz, baina ezin zidan ziurtatu. Gainera, botika bat behar izatekotan ezin digute eman”. Okerrera joanez gero larrialdietara joateko esaten diela salatu du Claveriak: “Larrialdietan egon ostean, gaitzaren jarraipena egitea beharrezkoa bada, ezin dugu deus egin ez dagoelako medikurik”.

Pediatrarik ez dagoenez Basurtoko larrialdietara eta Begoñako osasun etxera joateko esaten diete, baina Begoñan ez dago pediatrarik eta larrialdiak “jendez lepo” daude: “Gernu-infekzioa zuen haur bat lau orduz egon behar izan zen esperoan emaitza jaso ahal izateko. Osasun etxean berehala izanen zuen emaitza”. Horrez gain, familientzat auzotik mugitu beharra “zaila” dela azaldu du: “Batzuk ama bakarrak dira eta haur gehiago badituzte haur guztiekin joan behar dira larrialdietara; eta beste batzuek, taxi bat hartu behar izaten dute”. Gainera, inguruan arriskuko pertsonak dituztenez, senideak gaixotzearen beldur dira: “Azken boladan birus asko daude, eta horietako asko larrialdietan kontzentratzen dira".

500 sinadura

Pediatrarik ez dutenez, momentuz, ordezko bat joaten da, baina soilik bi orduz: “Haurrek osasun etxea erabiltzeko eskubidea izan beharko lukete”. Horregatik, urrian hitzordua eskatzen zutenean bi asteko itxaron zerrenda zegoen, baina geroz eta gehiago itxaron behar dute: “Orain deitzen badugu martxorako ematen digute hitzordua pediatrarekin”. Horregatik, salatu du mediku faltarengatik umek ez dutela behar duten arreta jasotzen.

Hortaz, haurrek pediatra bat izateko eskubidea aldarrikatzeko bostehun sinadura jaso ditu Claveriak, eta Amuge elkarteko kideekin batera, osasun etxera eraman ditu: “Momentuz ez dugu erantzunik jaso, baina hilabete bateko epea dute erantzuteko”.