argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3ko sarraskian izan ziren polizien zerrenda eskatu dio Servini epaileak Espainiako Gobernuari
  • Maria Servini epaile argentinarrak kargu hartu dio Espainiako Gobernuari. Barne Ministerioari eta Gobernuak Araban duen ordezkaritzari 1976ko martxoaren 3an Gasteizko polizia operazioan parte hartu zuten polizien izenak eskatu dizkie. Baita goi kargu eta kasuarekin zerikusia izan dezakeen ororen datuak ere.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 17a

Serviniren eskaera pauso “garrantzitsutzat” jo du Martxoak 3 Elkarteak: “Positiboa da, hemen ukatzen dizkiguten bideak Argentinan lekua dutela dirudielako”, dio Andoni Txaskok Hala Bediri eginiko adierazpenetan. Eskaerok, ziurrenik, ez direla oso urrun iritsiko iritzi du, baina auzia oraindik ikertu gabe dagoela frogatzeko baliogarria dela adierazi du: “Inpunitateak hor darrai, eta beste behin argi geratuko da Espainiako Estatuak ez dituela nazioarteko giza eskubideak errespetatzen”.

Gainera, 30 lekukoren testigantzak biltzea eskatu dio epaileak Gasteizko Epaitegiari, Arabako instituzioek bere garaian eskatu zituzten berak. Martxoaren 3an eragin zuzena izan zutelako daude deituta deklaratzera.

Egun hartan Arabako Gobernu Ordezkaritzan sartu zen langile nahiz arduradun ororen datuak ere eskatu ditu eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusiari galdegin dio ea zer nolako materiala erabili zen Gasteizko sarraskian.