Memoria Gara eta Martxoak 3 elkarteek antolatu dituzte tailerrak, Gasteizko San Frantzisko elizarako memoria proiektua “behetik gora” zehaztu asmoz. Munduko beste herrialde batzuetako espazioak aztertuko dituzte eredu posible bezala.
San Frantzisko Asiskoaren eliza “Memoriaren eta Giza Eskubideen gune” bihurtzeko asmoz sortu zen Memoria Gara ekimen herritarra. Urtebete baino gehiago darama proiektua jendarteratzen eta bultzatzen. Urtarrilean hiru tailer antolatu dituzte Memoria Garak eta Martxoak 3 Elkarteak, “interesa duten pertsona guztiei” irekiak.
Martxoaren 3a: memoria (k), espazioa (k) eta kolektiboa (k) izena eman diote tailer sortari. Lehendabizikoa hilaren 20an egingo dute Martxoak 3 Elkarteak Zaramaga auzoan duen M3emoria Gunean. 21ean Errekaleor auzo okupatuan izango da tailerra, eta 23an Alde Zaharreko Gasteiz Txiki bizilagunen Elkartearen lokalean. Helburua proiektuaren zehaztapenean urratsak ematea da.
Argentina, Ipar Irlanda, Txile, Hegoafrika
Tailer horietan, besteak beste, beste herrialde batzuetan garatu diren antzeko lau ekimen azaldu eta eztabaidarako erreferente gisa erabiliko dituzte. Argentinako Espacio Memoria Ex-ESMA eskola militarra izan zen diktadura garaian: “2004az geroztik, Memoriaren eta Giza Eskubideen Sustapenerako eta Defentsarako Gunea da. Argentinako diktadura zibiko-militarrean (1976-1983) atxiloketa, tortura eta sarraskiaren zentro klandestino gisa erabili ziren instalazio militarrak dira”. Ipar Irlandako Free Derry Museuma izen bereko herrian dago kokatua: “Irlandako langile klase errepublikar eta nazionalistako biztanleak protagonista dituen istorioa kontatzen du, Ipar Irlandako gatazkaren testuinguruan”. Robben Island Museumak Hegoafriako Lurmutur hiriko irla hartzen du: “Apartheid erregimeneko (1948-1994) ehunka preso politiko atxilotuta egon ziren espetxea izan zen. Gaur egun, uharte osoa eta bertako instalazioak museo bat dira”. Txileko Museo de la Memoria y los Derechos Humanos museoa, azkenik, “Txileko Estatuak 1973 eta 1990 artean egindako giza eskubideen urraketei ikusgarritasuna emateko espazioa da”.
1976ko Gasteizko greba mugimenduaren testuinguruan, martxoaren 3ko greba orokor egunean, polizia elizan bilduta zeuden milaka gasteiztarren aurka oldartu zen. Ehunka izan ziren zaurituak, bost hildakoak. Eliza orduko borroken sinbolo bilakatu da, baina baita sarraskiaren arduradunen zigorgabetasunarena ere.