argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3ko biktimei barkamena eskatzeko galdegin dio Gasteizko alkateak Madrili
  • 1976ko martxoaren 3ko gertakariengatik “barkamena eskatzeko eta giza eskubideak urratu zirela onartzeko”, exijitu dio Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteari. Aurten 40 urte bete dira eta Martxoak 3 elkarteak jardunaldiak antolatu ditu, “40 urteko zigorgabetasuna. Egia, justizia eta erreparazioa” lemapean. Egun hartan, Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehun inguru zauritu zituen Gasteizen.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 02a
Martxoaren 3ko gertakarien erantzukizuna bere gain hartzea eskatu dio Urtaranek Espainiako Gobernuari.

Urtaranek hitza hartu zuen jardunaldien irekiera ekitaldian. Erantzukizunak bere gain hartzea eskatu dio Gasteizko alkateak Espainiako Gobernuari: “Bera da 1976ko martxoaren 3an izandako gertakarien erantzule. David Cameron eta Angela Merkelek Bloody Sunday edo nazien holokaustoagatik barkamena eskatu duten bezala, Espainiako Estatuak ere barkamena eska dezala”.  

Biktima guztiek eskubide eta trataera bera izan behar dutela aldarrikatu du Urtaranek, “denek merezi dutelako egia jakitea”. Bere esanetan, Estatuak ezin ditu martxoaren 3ko biktimak ahantzi, “erantzukizunak argitu behar dira, familiek behar bezalako erreparazioa eta eragindako minaren aitorpena jaso dezaten”.

Gasteizko Udalak harrera berezia egin zion Lluis Llachi asteartean; duela 40 urteko sarraskia salatu nahian, “Campanades a morts” abestia sortu zuen abeslariak. Llach ohorezko herritar izendatzen saiatu dira udal gobernuko zenbait alderdi, baina PPk eta PSEk aitortza hori saihestu dute.

Pintada faxistak

1976ko martxoaren 3an hildako bost lagunen omenezko monolitoei eraso egin diete astelehen gauean. Gasteizko Zaramaga auzoko –gertaerak izan ziren auzoan– eta Dulantziko oroigarriak izan dira kaltetuak; Espainiako banderak marraztu eta Falangeko pegatinak jarri dituzte.  Instituzio, alderdi eta sindikatuek erasoa gaitzetsi dute.