argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 3ko biktimak eta Martin Villa aurrez aurre: “Oroitzen al zara Gasteizez?”
  • Eva Barroso eta José Luis Martínez Ocio martxoaren 3an hil zituzten bi langileren anai arrebak  kasualitatez topatu dira Martin Villarekin Espainiako Kongresuaren kanpoaldean. Hamar minutuz hizketan egon dira, eta langileak hiltzea gaizki egon zela esatea eskatu diote ministro frankista ohiari.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 30
Eva Barroso eta José Luis Martínez Ocio Martín Villarekin topot egin duten unea. (Arg.:Marian Beitialarrangoitia)

Barroso eta Martínez Ocio, Unidos Podemosek antolatutako Madrilgo frankismoaren biktimen omenaldi batean parte hartzen ari ziren eta Villa frankismo ondorengo lehen hauteskundeen 40 urteurreneko ekitaldiagatik domina bat jasotzera zihoan.

Hamar minutu iraun duen elkarrizketan, biktimek bere burua aurkeztu dutenean Villak deklaratzeko prest dagoela esan die, ez duelako inongo masakrerekin zer ikusirik, bere esanetan. Hori errepikatu baino ez duela egin esan diote Barrosok eta Martínez Ociok eldiario.es-i, deklarazio politikorik espero ez arren, gutxienez gaizki egon zela eta barkamena eskatu behar dela entzutea espero dute oraindik.

Martin Villa  harreman sindikaletarako ministro frankista zen, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen bost langile hil eta ehun zauritu zituzten polizien arduradun zelakoan, 2014an Argentinako María Servini epaileak nazioarteko bilatze eta atxilotze agindua eman zuen bere kontra. Deklaratzeko prest dagoela baina Espainiako Estatuko goi instantzia judizialek ez diotela uzten esan die Villak biktimei.

Hunkituak geratu dira biktimak espero ez zuten aurrez aurrearen ostean. “Urteak daramatzagu gorrotoa, amorrua eta herra etxekotu nahian –azaldu du Barrosok–, baina bere nagusikeriaren aurrean ezin izan diot eutsi eta zera esan diot: ‘oso zaharra zara eta lehenago edo beranduago hil egingo zara. Orduan, ez dakit non baina gure aitarekin topo egingo duzu, eta ziur egon berak ez dizula nik bezain lasai hitz egingo”.